Udala herritarren iritziak jasotzen ari da Ixabel Olano plaza berritzeko
Irisgarritasuna hobetzeko eta berdeguneak berdintzeko lanak egingo dituzte datorren urtean. Herritarren iritzia ere jaso nahi dute.
Beasaingo Udalak Ixabel Olano Segurola plaza hobetzeko iradokizunak eskatu dizkie herritarrei, bereziki, espazioaren erabiltzaileei eta auzotarrei. Irisgarritasuna hobetzeko eta berdeguneak berdintzeko lanak egingo dituzte datorren urtean, eta behin obretan hasita, eraberritzea ahalik eta osoena izatea nahi dute.
Auzotarrek gustura hartu dute berria, plazak konponketa batzuk behar dituela baitiote: batek, plaza Florentzio Axpe kalearen bestalderaino luzatuko luke. Hala, denentzat toki gehiago izango dela dio; beste batek arkupeak apainduko lituzke, egungoak «hotzak» iruditzen baitzaizkio.
Ekarpenak egiteko Beasaingo Udalarekin jarri behar da harremanetan. Online ere egin daitezke, albiste honen webguneko bertsioan dagoen galdetegiaren bitartez.
Plaza 1980. hamarkadan sortu zen, inguruko etxeak eraikitzean. Denboraren poderioz zorua hondatu egin da eta zuloak agertu dira; jolas-parkea ere zaharkitua gelditu da. Gainera, inguruaren geografiagatik, plaza maila ezberdinetan dago eta eskailaraz josita dago.
Karobi kalea
Karobi kalea, adibidez, plaza baino beherago gelditzen da. Lanekin Ixabel Olanorekin bateratu nahi dute, eta espazioa hobeto aprobetxatu. Egun, errepidearen, aparkatutako autoen eta espaloiaren artean ia tokirik ez dago, estua gelditzen baita. Aparkalekuak berrantolatzea edo kopurua txikitzea da buruan darabilten aukeretako bat.