Legazpi eta Beasain, minbizia duten haurrekin
Aspanogi elkarteak egindako deialdiarekin bat egin dute bi udalerriek, eta elkartearen logoa eta urre koloreko lazoa jarri dituzte bi udaletxeetako balkoietan
Bi udaletxeetako balkoietan urre koloreko lazoa eta Aspanogi elkartearen pirata logoa daramazkiten pankartak jarrita, Legazpiko eta Beasaingo udalek bat egin dute Niños Con Cancer Haur Minbizidun Gurasoen Espainiako Federakundeak martxan jarritako kanpainarekin.
Gaixotasuna gainditu duten haurrei epe luzerako jarraipena egiteko protokolo estandarizatu baten ezarpena eskatzen du federakundeak. Izan ere, Espainiak minbizia izan dutenentzat ez du jarraipen protokolo zehatzik, izan ditzaketen ondorio edo efektu berantiarrak hobeto prebenitu eta tratatu ahal izateko.
Iraila haur minbiziarekiko sentsibilizazio hilabetea da, eta eskari horri lagunduz, Niños Con Cancer federazioak #QueNoSeCuelen traola daraman kanpaina jarri du martxan sare sozialetan. Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkarteak ere, Aspanogik, berea sortu du: #EzOharkabeanPasa.
Legazpiko eta Beasaingo udalak bezala, Gipuzkoako beste udalerri batzuk ere batu dira kanpainara, eta horiekin batera baita saltoki eta taberna asko ere. Azken horietan, elkartasun kartelak eta urre koloreko globoak jarri dituzte.