Tren geltoki berria egiteko lanak 3.907.467 euroan esleitu ditu Adifek
Lanak Moyua eta Cycasa enpresek egingo dituzte, 13 hilabetetan. Hilerriko tunelaren ondoan egingo dute eraikina.
Adif elkarteak Legazpiko tren geltoki berria eta gainerako lanak egiteko esleipena egin du. Obrak Construcciones Moyua eta Cycasa Canteras y Construcciones enpresen artean egingo dituzte, 3.907.467,88 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Enpresek 13 hilabeteko epean egin beharko dituzte lanak.
Proiektu horren barruan hainbat lan egitea aurreikusten da: geltokirako eraikin berria eraikitzea, lurrazpiko pasabidea egitea, igogailuen eta markesinen instalakuntza, bidaiarientzeko babeslekuak egokitzea eta nasen altuera altxatzea. Gainera, nasen zoladura eta argiteria ere berrituko dira.
Geltoki berria oraingoa baino 130 metro hurbilago egongo da herrigunetik, eta bidaiarientzako irisgarriagoa izango da, baita mugikortasun arazoak dituztenentzat ere.
Eraikina eta hainbat lan
Irisgarritasuna izango da, hain zuzen, Legazpiko geltoki berriaren ezaugarri nagusia. Bidaiarientzako eraikina hilerrira joateko dagoen tunelaren parean egingo da, trenbidearen eta kalearen artean dagoen desnibela baliatuz. Geltokirako sarbidea beheko mailatik egingo da, kaletik, eta bertan kokatuko dituzte sarrera, bidaiarien kontrolerako gunea eta nasen arteko lotura.
Eraikinaren sarrera horretatik eskailerak edo igogailuak erabili beharko dituzte bidaiariek bi nasetara igotzeko. Nasetan, berriz, babeserako markesina berriak egingo dituzte, eraikinari berari itsatsita. Gaurko nasak, bestalde, luzatu egingo dituzte, geltoki berriraino iritsi daitezen, eta altuera handiagoa ere emango diete, trenetarako sartu-irtena errazteko.
Geltoki berriak bi solairu izango ditu, beraz. Beheko solairuak harrizko zokaloa izango du kanpotik, eta goikoan markesinak egongo dira agerian.
Lanak osatzeko, beste hainbat jarduketa ere egingo dituzte, trenbidearen azpiegiturari eragiten dietenak. Hala, trenbideko seinaleak eta bestelako tresnak eragiteko instalakuntzak edo gatigamenduak lekuz aldatu beharko dituzte. Gainera, trenbidearen plataforma finkatzeko eta egonkortzeko lanak ere egin beharko dituzte.
Udalarekin elkarlanean
Geltokiko eraikin berria egiteko obrak aurretik egindako lanen osagarri dira. Irisgarritasuna jomugan, eta trenbide gaineko pasabidea arriskutsua zelako, Brinkolarako norabideean dagoen nasara iristeko beste bide bat egin zuten 2018ko udaberrian, hilerrira doan tuneleko pasabidea baliatuz.
Behin-behineko bidea egiteko lan haiek Legazpiko Udalak hartu zituen bere gain, Adif elkartearekin lortutako akordio baten ondorioz. Lanen helburua erabiltzaileen segurtasuna bermatzea zen, eta horregatik ezabatu zuten ondoren bi nasen arteko trenbide gaineko pasabidea.
Tren geltoki berriaren proiektu hau ere udalaren laguntzarekin osatu du Adifek, eta Irun-Brinkola tren lineako azpiegiturak hobetzeko elkarte horrek eta Renfek 2014an landu zuten Irisgarritasuna Hobetzeko Planaren barruan kokatzen da.
Proiektuak, bestalde, Europako Batasunaren finantziazioa izango du, NextGenerationEU programarena hain zuzen.