Irakurketa errazaren kluba martxan hasiko da berriz ere urriaren 4an
Monica Leivak gidatuko ditu astelehenetan udal liburutegian egingo dituzten saioak. Irakurtzeko ohitura ez dutenentzako edo ulermenarekin edo irakurketarekin arazoak dituztenentzako taldea da.
Pandemiaren ondorioz bere jarduna urte bete baino gehiagoz etenda izan ondoren, Legazpiko Irakurketa Erraza Kluba martxan jarriko da berriz ere. Ikasturte berri honetako lehen saioa urriaren 4an izango da, Udal Liburutegian.
Helduentzako eta gazteentzako irakurketa talde bat da kluba, irakurtzeko ohitura ez dutenentzako edo ulermenarekin edo irakurketarekin arazoak dituztenentzako. Horregatik, formatu berezian idatzitako liburuak irakurtzen dituzte liburutegian bertan.
Ikasturte berriko lehenengo hitzorduetarako Laida Martinez Navarro idazlearen Marcus Marc y la ruta del petroleo liburuaren irakurketa konpartituko dute. Gero, liburu gehiago etorriko dira.
Tituluak aldez aurretik aukeratu dira eta saioak Monika Leivak koordinatu eta dinamizatuko ditu, parte hartzaileei liburuak irakurtzeko aholku eta jarraibideak emanez.
Astelehenetan izango dira saioak, gazteleraz, 11:15etik 12:15era. Izena emateko, 943 73 71 86 telefonora deitu daiteke, liburutegia@legazpi.eus helbidera idatzi, edo 639 851 172 zenbakira whatsapp mezua bidali.