Kutxa Biraren dokumentalak irekiko du zine denboraldia
Zine Klub Legazpi arduratuko da zinema emanaldien kudeaketaz. Elkarteak 50 urte betetzen ditu. Lehen emanaldia ostiralean da, Lekanazpirekin elkarlanean antolatuta
«Zinemaren eta kulturaren lagunak bueltan gatoz» esanez, Legazpiko zinema emanaldiak kudeatzeaz arduratzen den zine klub elkarteak ikasturte berriaren hasiera iragarri du. Urriaren 1ean, etzi, proiektatuko dute denboraldiko lehen filma Latxartegi aretoan, Kutxa Bira ekimenari eskainitako dokumentala, hain zuzen.
Aurreko denboraldian bezala, herriko beste kultur elkarteekin lankidetzaren bideari helduko diote, eta lehen hitzordu horretarako, Lekanazpi izango dute bidelagun Zine Klub Legazpikoek.
50. urteurrena
Ostiralean abiatuko dena ikasturte berezia izango dela ere aurreratu dute zine klubeko kideek, elkartearen 50. urteurrenekoa. «Aurten oso motibazio berezia dugu, 50 urte bete baititugu zine klub gisa» diote.
Urtemuga hori ospatzeko asmoa dute, gainera. «Urteurren horren inguruko jarduerak programatuko ditugu bereziki», agindu dute, baina xehetasun gehiago datozen egunetan emango dutela jakinarazi dute.
Urriko programazioa
Urteurrena ospatzeko prestatutako ekintzen berri iritsi bitartean, Zine Klub Legazpik urrirako antolatutako emanaldien zerrenda argitaratu du. Denboraldiko lehen hilabete hori «estreinaldi oso interesgarriekin» datorrela aurreratu dute.
Hamar emanaldi programatu dituzte, eta horien artean Nora eta Maixabel entzutetsuak, edo El Chico eta Quo Vadis klasikoak nabarmendu behar dira. Ohi bezala, haurrentzako eta gazteentzako eskaintza ere izango da programazioan, larunbat arratsaldeetarako.
Kutxa Bira, Lekanazpirekin
Legazpiko zine denboraldi berriko lehen emanaldia ostiralean izango da, 19:00etan, Latxartegi aretoan. Lekanazpi elkartearekin elkarlanean, Kutxa Bira: herriz herri euskara oinarri izeneko dokumentala proiektatuko dute.
Iparra-Hegoaren ohiko ekitaldiak antolatu ezin izan zirenez, eta Korrika bezalako ekimenik egin izan ezin zenez, horien lekua betetzeko egin zuten Kutxa Bira aurtengo udaberrian. Dokumentalean, ibilbideko irudiak eta ahotsak jaso dira, eta horien artean Legazpikoak ere bai. Legazpiko musika ere entzun daiteke lanean gainera, D-Pintxos taldearena, hain zuzen.
Legazpira apirilaren 25ean iritsi zen Kutxa Bira. Lekanazpik koordinatuta, Lakiola-Ardanbidetatik Agirre-Etxeberrira arteko ibilbidea egin zuen. Herriko 19 kultur eta hezkuntza eragilek parte hartu zuten. Amaiera ekitaldian aitortza egin zieten Anuntxi Anduezari eta Marije Galartzari, urteetan euskalduntzearen eta alfabetatzearen alde egindako lanarengatik.
Urriko emanaldiak
· Urriak 1, ostirala. ‘Kutxa bira: herriz herri euskara oinarri’ dokumentala. 19:00etan, Latxartegi aretoan.
· Urriak 2, larunbata. ‘A todo tren hacia Asturias’. Haurrak/gazteak. 17:00etan, Latxartegi aretoan.
· Urriak 3, igandea. ‘Sevillanas de Brooklyn’. 19:00etan.
· Urriak 8, ostirala. ‘El chico’. 21:30ean, Euskal Herria plazan.
· Urriak 10, igandea. ‘Nora’. 19:ooetan.
· Urriak 16, larunbata. ‘Oltxiak’. Haurrak. 17:ooetan.
· Urriak 17, igandea. ‘Benedetta’. 19:00etan.
· Urriak 24, igandea. ‘Maixabel’. 19:00etan.
· Urriak 29, ostirala. ‘Quo Vadis’. Aida. Zine kluba. 19:00etan.
· Urriak 31, igandea. ‘Madres paraleleas’. 19:00etan.