Arriurdin auzo elkartea, Brinkolarako pizgarria
Brinkolako hainbat txoko txukuntzeko larunbatean egindako auzolanarekin, Arriurdin auzo elkarte berrituak proiektuz beteriko aroa abiatu du. Auzotarrak auzoko parte sentiaraztea da helburua.
Ilusioz beteta eta indartsu ekin dio Brinkolako Arriurdin auzo elkarteak aro berriari, uda aurretik zuzendaritza taldea aldatu eta indarberritu ondoren. Auzoko txoko batzuk txukuntzeko auzolanarekin abiatu dute ibilbide berria, eta aurrera begira proiektu ugari dituzte.
Maria, Jesus, Pello, Jokin, Jabi, Riki eta Joakin aritu ziren lanean larunbateko auzolanean, eta goiz osoko jardunari amaiera emateko auzoko beste elkartean bildu ziren, Armuñon. Goizari errepaso egiteko eta Arriurdinek dituen proiektuei buruz hitz egiteko baliatu zuten unea.
«Auzoa egitea»
Uda atarian egindako urteko batzarrean berritu zuten zuzendaritza taldea, «kide zaharrak joan eta berriak eta bizigarriak sartu dira. Joakin Balerdi geratu da lehengoetatik, bere esperientzia eta laguntza eskainiz», azaldu zuen Pello Agirrezabalek. Zuzendaritzan orain bederatzi lagun daudela erantsi zuen Maria Sarasolak. Horietatik gehienek parte hartu zuten azolanean.
Jesus Martinezek azaldu zuen zein lan egin zuten larunbat goizean: «Gure egoitza den saloiaren ondoko gunea garbitu dugu, eta Ormakio inguruan, baso batean antzemandako landare inbaditzaile batzuk kendu ditugu». Horrez gain, Hiruerrekata inguruan erreka bazterrak garbitzen ere aritu ziren.
Horrelako jardunaren ondoren, lanerako gogoz daudela argi dago, «lan egiteko gogoz baino gehiago, jendea inplikatzeko gogoz», dio Martinezek. Helburua «auzotar guztiak auzoko parte sentiaraztea da, denek elkarrekin lan egitea, auzoa egitea azken finean».
Ildo horretatik, larunbateko auzolana «gauza puntuala ez dadila izan nahi dugu, baizik eta pizgarri bat», zehaztu zuen Jokin Matxinandiarenak. Bat eginda, gehiago egitea espero dute, eta auzotar gehiagok parte hartzea ere bai. «Denok nahi dugu auzo atseginago bat». Udalak ere auzotarrek egiten duten lanaren berri izan dezala nahi dute, «haren inplikazioa eta elkarlana ere nahi dugu».
Sagardoa eta sagar zukua egitea edo saloia konpontzea dira dituzten beste proiektu batzuk, eta auzotar guztiak daude gonbidatuta parte hartzera. Elkartearekin harremanetan jartzeko: arriurdin.elkartea@gmail.com.
Auzoan sagardoa eta sagar zukua egiteko proiektua
Arriurdinen hurrengo proiektua auzotarren artean sagar zukua eta sagardoa egitea da, garai batean Brinkolako baserri askotan egiten zen bezala eta ohitura hura berreskuratuz. Zukua Zaldibiako Goizane eraldatze zentroan egingo dute urriaren 14an, eta sagardoa egiteko eguna oraindik ez dute zehaztuta, baina bai lekua: Agerrezabal baserriko dolarean. Jose Mari eta Joseba Anduezaren laguntza izango dute.
Proiektu honetan parte hartzeko modu desberdinak izango dira: sagarra saltzea, utzitako sagar kiloen arabera zuku eta sagardo botilak jasotzea, sagardoa egiten laguntzea… Hori guztia azaltzeko eta zehazteko bilera egingo dute gaur, 19:00etan, Saloian.