Legazpi Musika Bandak kalejira egingo du igandean Itxaropen eta San Ignazio auzoetan
Urrian beste bi emanaldi egingo dituzte musikariek, beste kalejira bat hilaren 17an eta kontzertua hilaren 24an. Goiz Deia bandako txistulariek ere hilaren 24an egingo dute hileroko kalejira.
Agenda bete-betea dute Legazpiko Musika Bandako kideek urrirako. Hiru emanaldi izango dituzte hilabetean zehar, guztiak Jesus Castillejok zuzenduta. Lehena igande honetan bertan izango da, hilaren 3an. Kalejira egingo du bandak ohikoak ez diren auzoetan, Itxaropenen eta San Ignazion alegia, 11:00etan hasita.
Hurrengo hitzordua hilaren 17an izango dute, beste kalejira batekin. Igande horretan Laubide eta Urtatza auzoetan zehar ibiliko dira jotzen, 11:00etan hasita.
Eta urriko azken emanaldia hilaren 24an egingo dute, igandean hori ere. Kontzertuarekin itxiko du bandak urriko agenda. Agirre-etxeberri parkean izango da, 12:30ean hasita.
Goiz Deia Txistulari Bandak, bere aldetik, hileroko kalejira egingo du hilaren 24an, 09:00etan hasita. Itxaropen, Domingo Agirre plaza, Aizkorri kalea eta Bikuña-Enea izango dira txistuaren doinuez alaituko dituzten txokoak.