Gailur eta erreskate bana Pamirreko mendilerroan
Elurretako Lehoinabarra saileko Korzhenevskaya 'zazpimilakoa' igo zuten udan Joseba Iztuetak, Joseba Eskuderok eta Ekaitz Maizek. Komunismo mendian, aldiz, erreskate batean 12 kideri lagundu zieten.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2021/10/goierriko_espedizio_bat_pa-2.jpg)
Mendiko kirol lorpenak erabat bete ez arren, mendizaletasunaren beste alderdi ahaztuarekin aberasteko espedizioa izan du aurtengo udan espedizio goierritar batek, Pamir mendilerroan, Tajikistanen. Zazpimilako bi gailur igotzera joan ziren Joseba Iztueta gabiriarra, Joseba Eskudero idiazabaldarra eta legazpiar jatorriko Ekaitz Maiz. Batean goreneraino iristea lortu zuten; bestean, hamabi bizitza salbatzeko erreskatea egin zuten.
Uztailaren bukaeran joan, eta abuztuaren azken aldera arte luzatu zen espedizioa. Lehenbizi, 11 laguneko taldean, Perestroika Crack bidea eskalatu zuten, uztailaren 26an. Slesova mendiaren gailurrera (4.200m) doan 1.000 metro garaiko eta 7b zailtasuneko horma da, Ak-Suu bailaran, Pamir mendikatean (Kirgizistan). Handik, Iztueta, Eskudero eta Maiz mendigoizaleak zazpimilakoetara joan ziren: Komunismo (7.495m) eta Korzhenevskaya (7.105) zituzten begiz jota. Sobiet Batasun ohiko bost mendi garaienek osatutako Elurretako Lehoinabarra sailekoak dira biak.
Erreskatea Komunismon
Lehen igoera, Pamir mendilerroan bertan, Komunismo mendira egin zuten, Tajikistan aldetik. Gailurretik gertu, ordea, ez atzera eta ez aurrera geratuta zegoen talde komertzial batekin egin zuten topo. Laguntza beharrean ziren, eta eman zieten. Bizitzak salbatzeraino.
«Jendea egoera oso onean ez zegoela aurkitu genuen gailurretik gertu, eta erreskate bat egin behar izan genuen. Zortzi iraniar eta lau errusiar ziren, eta indarrik gabe, janik gabe eta altuerako ondoez batzuekin geratuta zeuden; izozteak ere bazituzten», azaldu du Joseba Iztuetak.
Egoera kritikoan topatu zituzten: lau gau 7.000 metrora pasatuak zituzten, jaitsi ezinik. «Gu 6.500-6.600 metrora arte igo ginen laguntzera. Jana, ura eta irratiak igo genizkien, eta jaisten lagundu. Ez zituzten gauzak batere ondo egin, itsutu egin ziren gailurrarekin, eta gero jaitsi ezinik ibili ziren. Azkenean, denak bizirik atera ziren, baina txikituta iritsi ziren beheko kanpalekura», gehitu du Iztuetak. Abuztuaren 13tik 18ra luzatu zen laguntza-erreskatea.
Gailurrik gabe gelditu ziren azkenean Komunismon Ismail Samanik du gaur egungo izen ofiziala. «Baina horrelakoetan laguntzea tokatzen da».
Mendi igoera komertzialen errealitate eta ondorio gordinak bertatik bertara ikusi dituzte. «Gailurra beste ezeren gainetik jartzea, lagunak bidean uztea, beste hainbat jende arriskuan jartzea, erreskatean parte hartu dutenei eskerrik ez erakustea… Ikusi eta bizi izan ditugun hainbat jarrera izan dira, mendi eta giza baloreak alde batera utzita. Bizitako denak, mendiarekiko dugun ikuspuntua indartu ahal izan digu. Gailurraren prezioa altuegia izan daiteke bestela», idatzi zuten sare sozialetan.
Hirugarren alea Iztuetak
Komunismoko saiakera erreskatearekin ordezkatuta utzi ondoren, zapore gazia Korzhenevskaya mendian gozatu ahal izan zuten bost egun geroago, Pamirren bertan. Abuztuaren 23an zapaldu zuten Eskuderok, Iztuetak eta Maizek 7.105 metroko tontorra, Tajikistanen hori ere.
Iztuetak Elurretako Lehoinabarra sortako hirugarren gailurra badu, horrenbestez. 2018ko abuztuan Lenin Peak (7.134m) eta Khan Tengri (7.010m) igo zituen, bakarrik. Eskuderok eta Maizek lehenbizikoa dute.
Gaur-gaurkoz, Xabi Ormazabal urretxuar zena da Sobiet Batasun ohiko bost mendi altuenak igotako euskal herritar bakarra. Iztuetari, Komunismo gailurraz gain, Pobeda (7.439) geratzen zaio, Tian Shan mendikatean dagoen bakarra.
Ikus-entzunezkoa azaroan
Udako mendi espedizioarekin, eta iaz Kirgizistanen bizikletan egin zuen zeharkaldiarekin, ikus-entzunezko bat prestatzen ari da Iztueta, Gattiken etxearekin batera. Estreinaldia Ormaiztegiko Mendi Astean izango du ikuskariak, azaroaren 11n, ostegunarekin (19:00etan, gizarte-etxean). Beste bizpahiru emanaldi ere bidean datoz.
Han azalduko ditu mendiaren argiak eta itzalak, eskuzabaltasuna eta zikoizkeria, espedizio berean aurten probatuak.