Gipuzkoako bizikleta eskolen jardunaldia ospatu dute Legorretan
Goierri, Urola eta Tolosaldeako 120 ume inguru txirrindu gainean jarri dira Gipuzkoako bizikleta eskolen jardunaldia ospatzeko asmoz
Gaur goizean, Txirrindularitza Federazioak antolatuta, lurraldeko bizikleta eskolen hastapen ikastaroa izan da Legorretan. Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, lurralde osoko 120 ume inguru gerturatu dira Legorretara. Goierri eta Tolosaldeatik hiru txirrindulari eskola egon dira: Ordiziakoa, Zizurkilgoa eta Tolosakoa; Urolako zonaldetik, berriz, Bergara, Antzuola, Arrasate, Azkoiti, Azpeiti edota Zumarragako haurrak inguratu dira. Bi talde egin dituzte, 10:00etatik 11:30etara bata eta 11:30etatik 13:00era bestea.
Gaurko goiza lau ataletan banatu dute. Lehenik eta behin, inguratu diren haurrek ginkana moduko bat egin beharra izan dute hainbat oztopo gaindituz. Froga honi esker, haur bakoitzaren trebetasun maila zein zen ikusi dute antolatzaileek, eta horren arabera Legorretako mendi bizikleta parkean zirkuitu bat edo bestea egin ahal izan dute, bakoitzaren teknika hobetu ahal izateko. Haurrek euren gaitasunak hobetu dituztenean, Legorretatik Itsasondora mendi buelta egin dute txirrindu gainean, eta Itsasondon ziklokrosseko zirkuituaz gozatzeko aukera izan dute.