Ilintiren sokek zenbat neurtzen duten asmatzen duenarentzat, 500 euroko saria
Legazpiko merkatari elkarteak kanpaina berria jarri du martxan. 'Porra' moduko bat proposatu diete herritarrei. Kiska eta Laubide dendetan daude sokak ikusgai.
Legazpiko Ilinti merkatarien elkarteak kanpaina berri bat du martxan azken egun hauetan. Lehiaketa edo porra bat proposatu die herritarrei, eta horrekin, 500 euroko saria irabazteko aukera eskaini die. Asma sokaren porra! izena du lehiaketak, eta bihar, urriak 27, da parte hartzeko azken eguna.
Ilintiko bazkide diren bi komertziotako bi erakusleihotan soka bana jarri dute, eta biak gehituta zentimetrotan zenbateko luzera duten asmatzea da eginkizuna. Kale Nagusiko Kiska arropa eta osagarri dendan eta Laubideko Laubide belar dendan daude sokak.
Parte hartzeko boletoa eskatu behar da Ilintiko edozein komertziotan, eta bertan idatzi apustua. Bi soken luzera asmatzen duenak edo, pasatu gabe, neurrira gehien hurbiltzen denak 500 euroko erosketa txartela irabaziko du.