Arantxa Irastortzak irabazi du Ilintiren 500 euroko saria
Asma sokaren porra!-ren irabazlea da. Kiskako eta Laubide belar dendako erakusleihoetan zeuden bi soken neurria asmatu behar zen. Irastortzak 9.115 zentimetroko neurria jarrita egin zuen apustua. Berea izan da 9.120 zentimetroko neurri zuzenetik gertuen egon dena.
Arantxa Irastortzak irabazi du Legazpiko Ilinti merkatarien elkarteak martxan jarritako azken kanpainaren 500 euroko saria. Lehiaketa edo porra bat proposatu zien Ilintik herritarrei, Asma sokaren porra! izenarekin. Elkarteko bazkide diren Kiskako eta Laubide belar dendako erakusleihotan jarritako sokek zenbat neurtzen zuten asmatzea zen eginkizuna. Kiskako sokak 4.003 zentimetro neurtzen zuen, eta Laubidekoak, 5.117. Erantzun zuzena, beraz, 9.120 zentimetro zen, eta Irastortzaren erantzuna izan da zenbaki horretara azpitik gehien hurbildu dena (9.115 zentimetro). Korosti Asesores aholkularitza zerbitzuan utzi zuen apustua.
Ilinti elkarteko lehendakari den Laura Nuñezek eta Korosti aholkularitza zerbitzuko Beatriz Lopez Gonzalez de Langarikak eman diote saria. Irastortza oso pozik agertu da herrian gastatzeko 500 euroko erosketa bonua jasotzerakoan. Hilabeteko epea du gastatzeko, baina oraindik ez du erabaki zer erosiko duen.