Euskaraldia girotzeko, transmisioari buruzko hitzaldia Legazpin
Haurren aurrean helduek dituzten hizkuntza ohituretan indarra jarriko du aurtengo Euskaraldiak. Kanpaina berria azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean gauzatuko da. Hitzaldia Paula Kasares euskararen transmisioan adituak egingo du, astelehen arratsaldean, Kultur Etxean.
Legazpiko Euskaraldia batzordea berriz martxan jarri da Topaguneak udazken honetarako proposatutako ariketa Legazpin gauzatzeko.
Topaguneak hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egitea proposatu nahi diete herritar helduei, azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean gauzatuko den Haurren aurrean, helduok heldu! izeneko kanpainarekin. Legazpiko batzordeak bat egin du proposamen horrekin, “helduok euskaraz badakigu eta haurrei euskaraz egiten diegu, baina … nola egiten dugu helduok gure artean?”. Eskola orduz kanpo haurraren zaintzaz arduratzen diren helduei eskatuko diete ariketa egitea, “izan kontratatu, lagun, guraso, senide, irakasle, begirale, entrenatzaile…”.
Transmisioari buruzko hitzaldia
Hasteko, euskararen transmisioan aditua den Paula Kasares gonbidatu dute ekimenaren berri emateko, eta helduen hizkuntza ohiturek haurrengan duten eraginaz ohartarazteko eta kontzientziatzeko. Hilaren 8an, astelehenean, hitzaldia egingo du, 18:00etan, Kultur Etxeko areto nagusian, Helduok, euskaraz egiten al dugu haurren aurrean? izenburuarekin.
Legazpin ekimen hori bultzatzeko antolatu den batzordeak garrantzia eman nahi dio “haurren inguruan, helduek egiten duten hizkuntzari, transmisio eta eredugarritasunari buruz ari garelako, eta azken urteotan testuinguru horretan egindako neurketek ezin garela lasaitu erakutsi digutelako”.