Jentilak jaitsi dira menditik Ataungo kaleetara
Jentilen Etorrera kale antzezpenak 40 urte egin dituela-eta, ibilbide luze horren errepasoa egin dute Auzoeta kiroldegian eskainitako antzerki saioan. Aurretik, kristauek harrera egin diete jentilei eta sorginei San Martingo plazan.
Arratsalde-iluntze berezia izan da gaur Ataunen, Jentilen Etorreraren erruz. Lehenik, ohiko harrera egin diete kristauek jentilei eta sorginei San Martin plazan, alde batek herriko alkatea buru zuela eta besteak Otsoko. Auzoeta kiroldegira trikitilariek alaituriko kalejiran joan dira gero, antzezpen bikoitza eskaintzeko asmoz, guztia Jentilbaratza elkarteak antolatuta.
Antzezpen hori lehen aldiz egin zenetik 40 urte bete ziren ekainean, eta aurtengo emanaldiak bereziak izan dira, ibilbide luze eta emankor horren errepaso moduko bat egin dute eta. Bi saioetarako 1.400-bat ikuslek zuten sarrera hartuta. Antzez lanetan, berriz, 50 herritarrek parte hartu dute. Antolaketa, muntaia, joste eta bestelako lanak ere kontuan hartuta, guztira 150 lagun ibili dira.