Mineralen, fosilen eta harri bitxien azoka, aurreko urteetako inertzia berreskuratu nahian
Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia asteak 33. edizioa du aurten. Ederrena pilotalekuan dago zabalik feria, bihar iluntzera arte
Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Astea 33. ediziora iritsi da, eta ekitaldiz beteriko agenda prestatu du udalak aurtengorako. Horietako bat mineral, fosil eta harri bitixien azoka da. Atzo hasi eta bihar iluntzera arte, Ederrena pilotalekua mundu horretako bildumazale eta saleroslez beteko da. Azoka 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara dago zabalik, era askotako produktuak eskainiz.
Mineralogia eta Paleontologia astea eta feria bera antolatzen laguntzen duen Javier Aguado bisitan zebilen gaur goizean pilotalekuan, atzo Mari Jose Lizarralde emaztearekin batera udalaren omenaldi txiki bat jaso eta gero. “Ez zen beharrezkoa. Honen atzetik jende gehiago dago”, esan du. Aurtengo feria tamainaz txikiagoa dela nabarmendu du, “aurreko urteetako inertzia berreskuratzeko gogoa genuen, baina ez dira garai onenak, eta gaurko egoerara egokitu behar izan dugu programazio guztia”. Hala, haurrentzako ekitaldietan kontu handia jarri dute, eta ferian, jendea ibiltzeko espazio handiagoak eta erakusketarako metro gutxiago ezarri dituzte.
Burgos, Vigo, Zaragoza, Bartzelona… eta beste leku askotako bildumazaleak elkartu dira aurten ferian, baina baita mundu honekin zerikusi gutxiago duen jendea ere. “Aurten naturaren fenomenoak bogan daude, eta askok La Palmako sumendiaren laba zatirik ote dugun ere galdetu digute”, azaldu du Aguadok bitxikeria moduan. Bestetik, belaunaldi aldaketa antzeman duela ere esan du, eta hori erakusketa mahaietan nabaria dela dio, “bildumazaleak hiltzen direnean, bildumak saldu egiten dituzte normalean, eta profesionalek erosten dituzte. Pieza horiek ikusten hasi gara orain, 30 edo 40 urtez gordeta egin direnak”.