Olano, zortzigarrenez odolkiaren errege
Beasaingo 36. odolki lehiaketa irabazi dute berriz ere Jose Manuel Olano eta Loinaz Usabiaga beasaindarrek. Hamaika odolki aurkeztu dira aurten, eta Astigarragakoa, Ordiziakoa eta Arrasatekoa izan dira finalera iritsitako beste hiru odolkiak.
Ez da sorpresarik egon. Beasaingo Olano harategiko Jose Manuel Olanok eta Loinaz Usabiagak irabazi dute aurten ere Beasaingo Odolki Kofradiak antolatutako odolki lehiaketa. Zortzigarren aldia da Olanokoek txapela janzten dutena.
Lehiaketaren 36. edizio honetara 11 odolki aurkeztu dira, eta horietatik lau soilik igaro dira finalera. Olanorenak irabazi du, 88,5 punturekin. Bigarren postuan sailkatu denak 77 puntu jaso ditu, hirugarrenak 67,5 eta laugarrenak 63 puntu. Astigarragakoa, Ordiziakoa eta Arrasatekoa ziren finalera pasa diren beste hiru odolkiak.
Olano, pozik
Pozik jaso dute saria berriz ere Olanokoek, Leire Artola alkatearen eta kofradiako lehendakari Martin Urkiolaren eskutik. “Bizio goxoa hartu diogu sari hau jasotzeari, baina ez gara aspertzen, oso gustura hartu dugu berriz ere” zioten ekitaldia amaitutakoan. Lehiaketa Beasaingoa izanik eta biak beasaindarrak izanik, “harrotasunez” jaso dute odolki onenaren egile titulua, eta atzetik lan asko dagoela aitortu dute, lehen gaiak ondo aukeratzen lehenik eta ahalik eta odolki onena lortzeko “proba dezente” egiten gero. Eta argi dagoenez, lortu dute, “gure odolkia jendeari gustatzen zaiola dirudi”.
Azoka eta erraldoiak
Beste urteetan bezala, aurten ez da odolkirik dastatzeko aukera lehiaketa egin den lekuan, baina Gernika pasealekuko pilotaleku inguruan hainbat postu jarri dituzte, eta besteak beste odolkiak, gazta eta taloak erosteko aukera izan da horietan.
Bestetik, Ekaitz Beasaingo erraldoien konpartsa odolkiaren festarekin bat egin du, eta txistulariek lagunduta herriko kaleetan zehar ibilaldia egin ondoren, pilotalekura hurbildu dira lehiaketa amaitu eta gero. Han, oholtzara igo eta egun honetarako espresuki prestatutako vals bat dantzatu dute. Kalejirarekin jarraitu dute gero.