Olentzero iritsi da Mirandaolara
Gaur hasi eta Gabon bezpera arteko asteburuetan familia tailerrak egingo ditu Lenburrek, eta astegunetan ikasle taldeak jasoko ditu bisitan. Aurtengo kanpainan 8.000 lagunetik gora etorriko dira Legazpira.
Urduritasuna, irrika, emozioa, beldurra ere bai… Horiek eragiten ditu urtero Olentzerok Mirandaola burdinolara ikatza eramatera joandakoan bisitan joaten zaizkion haurren artean. Lenbur Fundazioak aurten ere gonbidatu du txikien artean hain maitatua den pertsonaia, eta gaur hasi eta Gabon bezperara arte, astebururo izango da Legazpiko txoko horretan, bisitari guztiak agurtzeko.
Lenbur Fundazioa duela 10 urte hasi zen Olentzeroren familia tailerra antolatzen, eta urtetik urtera arrakastatsuagoa izaten da. Aurtengo kanpainan 8.000tik gora bisitari izango dituzte, asteburuetako txandetan familiak nagusiki, eta astegunetan, ikasle taldeak.
Tailerra Euskal Burdinaren Museoan hasten da, Olentzerori buruzko ipuin kontaketa batekin. Gero, Burdintxo pertsonaiak lagunduta, bisitariak parkera ateratzen dira, burdinola martxan jartzeko behar den ikatzarekin menditik datorren pertsonaiaren bila. Burdinolara laguntzen dute gero, eta han gutunak eta bestelako opariak emateko aukera izaten dute haurrek, baita argazki ugari ateratzeko ere.