Familian elkarrekin jolasean egiteko aukera larunbatean, Sorgintxulorekin
Euskal jolasen festaren 15. edizioa izango da. Saioa 4 urtetik LH-4ra arteko haurrei eta horien familiei eta zaintzaileei zuzenduta dago, eta euskal jolasak eta abestiak izango ditu ardatz.
Legazpiko haurrek eta horien familiek eta zaintzaileek elkarrekin jolasteko aukera izango dute larunbatean, azaroak 13, 17:00etan hasita Euskal Herria plazan, Sorgintxulo aisialdi taldeak gidatuko duen 15. Euskal Jolasen Festan. Eguraldi txarrak eginez gero, jolas saioa Azokan egingo da.
Euskal jolasen festa hau 4 urtetik LH-4ra arteko haurrei eta horien familiei eta zaintzaileei zuzenduta dago, eta euskal jolasak eta abestiak izango ditu ardatz. Parte hartzeko izena eman behar da ikastetxeetan, on line edo kalean jarritako karteletan agertzen den Qr kodearen bidez. Azken eguna osteguna da, azaroak 11.
Sorgintxulo taldeak gidatuko duen jolas saioa haur eta gaztetxoen aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko programaren barruan kokatzen da, eta Udaleko Gazteria, Euskara eta Hezkuntza zerbitzuek antolatu dute. Duela gutxi egin Sorgintxulok egin duen Trikornio txapelketa ere programa horren barruan kokatzen da, eta hilabete honetan Txuri Urdin izotz jauregira ere terejoango dira.