Taloak egiten ikasteko tailerra 26an, Lekanazpi elkarteak antolatuta
Telleriarteko talogileek gidatuko dituzte bi tailerrak. Bata umeentzako izango da, eta bigarrena helduei zuzendutakoa. Izena eman behar da.

Lekanazpi elkarteak taloak egiten ikasteko bi tailer antolatu ditu hilaren 26rako, ostirala, eta izena emateko epea irekita du honako webgune honetan: https://labur.eus/lekanazpitalogintzan.
Telleriarteko talogileek gidatuko dituzte tailerrak. Bi orduko iraupena izango du bakoitzak. Lehena, Talo Txiki tailerra, 17:00etatik 19:00etara bitartean egingo dute, eta 3 eta 16 urte bitarteko haurrei eta gaztetxoei zuzenduta dago. Bigarrena, Talo Handi tailerra, ondoren izango da, 19:00etatik 21:00ak bitartean, eta helduei zuzenduta dago.
Lekanazpi elkartean bertan egingo dituzte bi talo tailer horiek, eta parte hartzeagatik zazpi euro ordaindu beharko da. Ordainketa tailerrean bertan egin beharko da.