Segurarren beroa ere jaso du Eneko Agirrezabalek
Kuadrillakoek ustekabeko omenaldia egin diote plazan Behobia-Donostia probaren irabazleari. Agirrezabalek korrika lehietan irabazitako txapelak jantzita azaldu zaizkio lagunak, eta ohorezko aurreskuaren ondoren, lagun eta herritarrekin argazki jendetsua atera dute.
Eneko Agirrezabal atleta segurarrak ez du berehalakoan ahaztuko azken aste honetan bizitzen ari dena. Joan den igandean, hilaren 14an, Behobia-Donostia lasterketa irabazi zuenetik, asko eta asko izan dira jaso dituen dei eta zorion mezuak, baita komunikabideei erantzunez eskaini behar izan dituen elkarrizketak ere.
Omenaldiak ere izan dira tartean. Atzo arratsaldean Txindoki-Jaso atletismo taldeko kide eta atletismo eskolako neska-mutikoek –klubeko presidentea da Agirrezabal– ustekabeko omenaldia egin zioten Ordiziako Altamirako pistan, eta gaur herritarren beroa jaso du.
Eguerdi partean izan da, 13:00etan. Lagunak ohorezko pasilloa egiten zituen zain plazan, Agirrezabalek korrika probetan irabazitako txapelak jantzita zituztela. Aurreskua ere dantzatu diote, eta segidan, argazkiak atera ditu kuadrillakoekin eta plaza inguruan zeuden dozenaka herritarrekin.