Xendaz xenda, gorputzari berotua emanez
Legorretako II. Xendapedalak BTT martxa abiatu da gaur goizean, 09:00etan. 270 partaide abiatu dira herriko eta haren mugakide diren udalerrietan zehar osatutako bi ibilbideak mendi bizikletarekin urratzeko. Zati batzuetan dezenteko lokatza topatuko dute bizikletazaleek.
Tenperatura hotzarekin (6 gradu), baina gorputzari berotu ederra emateko gogoarekin abiatu dira gaur goizean Legorretako plazatik II. Xendapedalak BTT Martxako 270 partaideak.
Bi ibilbide dituzte aukeran mendi bizikletaren zaleek. Ibilbide motzak 27,95 kilometro ditu, eta 958 metroko desnibel positiboa. Punturik gorenenea Arrapaitz inguruan du (810 metro), Murumendiko gainaren magalean. Zailtasun ertaineko bidea da.
Ibilbide luzeko partaideek, berriz, 36,95 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 1.429 metroko desnibel positiboari aurre eginez. Arrapaitzen du honek ere punturik gorenena, baina bukaerako zatian, Berostegi auzotik Legorretara egin ordez, Altzagarate aldera egin beharko dute. Zailtasun dezenteko ibilbidetzat izendatzen dute.
Partaide guztiek anoa-gunea izango dute 14. kilometroan, eta luzekoak baita 25. kilometroan ere. Helmugara iristean hamaiketakoa prest izango dute antolatzaileek.