XIX. mendeko burgesen tankeran, elegante jantzita
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak paseo elegantearen VIII. edizioa ospatu du. Arratsaldean familia tailerra egingo dute.
Zumalakarregi Museoak paseo elegantearen zortzigarren edizioa antolatu du gaurko. Goizean zehar photocall-a, Ormaiztegiko bainuetxea erakusketa, antzinako kotxeen erakustaldia eta txaranga izan dira. Eguerdian eman diote hasiera museo atarian paseo eleganteari eta ur sulfurosozko Bainuetxea zegoen kokalekura gerturatuko dira XIX. mendeko bainuetxeko bezero burgesen moduan.
Ibilbidea Jun da Jo txaranga musikaz lagunduta egin dute eta urteroko tradizio bilakatu den eleganteen bilkurako parte hartzaile guztien argazkia ur beltzaren iturrian egiteaz gain, bigarren argazki bat ere atera da nazioarteko oihartzuna duen Balu artista ormaiztegiarraren mural berriaren aurrean. Egitaraua museoan ospatuko den familia tailerrarekin osatuko da (17:00). Gaurkoarekin, Zumalakarregi Museoak amaiera eman dio larunbat honetan XIX. mendeko Eleganteak ekimenari.