San Nikolas erronda, aurreratuta eta formatua aldatuta
Abenduaren 1ean izango da aurten ospakizuna. Ohiko errondaren ordez ekitaldi bat egingo dute Euskal Herria plazan ikastetxeetako ikasleek eta Doinua eskolako musikariek
San Nikolas ekitaldia abenduaren 1ean izango da aurten Legazpin, baina ohiko errondaren formatua alboratuta egingo da ospakizuna. Ekitaldi bat egingo da Euskal Herria plazan 18:00etan, edo Azokan eguraldi txarra eginez gero. Betiko moduan herriko ikasleak izango dira protagonistak, Doinuako musikariekin batera. Aurten Olazabal institutuko ikasle bat izango da San Nikolas.
Pandemiagatik, iaz ez zen egin errondarik, azkena 2019an egin zen, eta orduan Haztegi ikastolako DBH-1eko Unai Huarte Valdivielso izan zen San Nikolas.