Baladi Goibururen hirugarren sukaldaritza tailerra, gaur Iratzarrirekin
Legazpiko sukaldariak Gabonetako menu bat proposatuko die partaideei. Iratzarrik egindako deialdiari 42 herritarrek erantzun diote, eta hiru taldetan banatuta antolatu dute tailerra.
Azalorea eta ketutako bakailaoa, zainzuri berdeak eta foie-a eta gazta tarta eta kafe budina dira Baladi Goiburuk 35 legazpiarrei Gabonetarako proposatutako menuaren hiru platerak. Iratzarri emakume elkarteak antolatutako sukaldaritza tailerraren gidaria da Legazpiko sukaldari gaztea.
Iratzarrik egindako deialdiak arrakasta handia izan du, eta hiru taldetan banatu behar izan dituzte 42 partaideak. Lehen bi taldeen saioak joan den astean egin zituzten, eta gaur 16:00etatik 19:00ak bitartean egingo dute azkena, elkartearen egoitzako sukaldean.
Baladi Goiburuk (Legazpi, 1991) Donostiako Cebanc sukaldaritza eskolan ikasi du eta ondoren sukaldari ospetsuekin ikasteko eta lan egiteko aukera izan du: Ingalaterrako The Elephant jatetxeko Simon Hulstonekin, Martin Berasategirekin, Fagollaga jatetxeko Isaac Salaberriarekin eta Valentziako Canalla Bistroko Ricard Camarenarekin. Azken hilabeteak My Own Way proiektua lantzen jardun du, bazkariak eta afariak bezeroaren etxean bertan prestatzen, eta laster ibilbide berria hasiko du, jatetxe bateko sukaldari buru gisa. Berea, “autore sukaldaritza, gaurkotua, baina betiko zaporeak lantzen dituena” da.