Notaz nota, eskalan gora
Igartza Musika Bekara sekula baino musikari gehiago aurkeztu dira. Maila ere inoiz baino hobea izan dela aipatu dute antolatzaileek. Ikuleek ere gora egin dute
Igartza Musika Beka hazten ari da urtetik urtera. Seigarren edizioan sekula baino musikari gehiagok hartu dute parte, eta antolatzaileen esanetan inoiz baino maila altuagokoak. Entzuleak ere aurreko edizioetan baino gehiago izan ziren.
25 musikari igo ziren Igartza Jauregiko oholtzara, hamahiru gradu-mailako ikasleak izan ziren eta gainerakoak, master-mailakoak. Zortzi herrialde ezberdinetakoak ziren, eta tartean euskal herritarrak egon bazeuden arren, goierritarrik ez zen aritu. Halere, Beasaingo Udalak nabarmendu du beasaindarrak onuradunak izan direla, «talentu handiko» musikariak bertatik bertara entzuteko aukera izan zutelako. Bigarren aukera ere izango da, garaileek datorren urteko Igartza Musika Zikloan kontzertua eskaintzeko konpromisoa hartu baitzuten.
Juan Carlos Luna klarinete-jotzaile espainiarrak irabazi zuen Gradu mailako beka. Diploma eta 2.000 euroko diru-saria jaso zituen. Johan Alexander Rivas Mena kontrabaxu-jotzaile kolonbiarrak, berriz, master mailako beka bereganatu zuen. Garaikurra, diploma eta 3.000 euro jaso zituen. Pierre de Maistre, Javier Juanco, Mari Jose Cano eta Arantxa Gastesi izan ziren epaileak, Musikeneren eta Beasaingo Loinatz Udal Musika Eskolaren izenean.
Parekidea
Beasaingo Udalak Musikenerekin akordioa sinatu zuen 2016. urtean herrian musika eskaintza eta zaletasuna sustatzeko. Beka lankidetza horren harira sortu zen. Musika arloan Beasainek duen ekitaldirik esanguratsuenetarikoa da.
Aurtengo edizioa parekidea izan zen. Hamalau gizonezkok eta hamaika emakumezkok hartu zuten parte.