Ordiziako Gaztetxean gertatu den eraso sexista salatu dute Gazte Asanbladak eta Itaiak
Iragan larunbatean ospatu zen Ordiziako Gaztetxearen 35. urteurren festan gizon batek emakume bati eraso sexista egin izan salatu dute. Elkarretaratzea deitu dute ostiralerako, Ordiziako Plaza Nagusian.
Iragan larunbatean ospatu zen Ordiziako Gaztetxearen 35. urteurren festan eraso sexista bat gertatu zela salatu du Ordiziako Gazte Asanbladak. Gertatutakoaren harira zabaldu duten idatzian argitu dutenez, «urteurreneko ospakizunean egon zen gizon batek, erasoa egin zion jai giroaz gozatu nahi zuen emakume bati». Horren aurrean, «erasotua izan zen emakumeari babes osoa adierazi nahi» diote, eta era berean, «erasoa gogor salatu, gure eguneroko jardunean, horrelako jarrerek ez dutelako lekurik».
Zentzu horretan, Ordiziako Gazte Asanbladaren lanaren noranzkoa berretsi dute: «Hau da, beste errealitate bat eraiki nahi dugunok, sistema kapitalistaren aurkako borrokan jarraitzeko eta berau betikotzen duen zapalkuntza orori aurre egiteko konpromiso irmoa adierazi nahi dugu».
Gaineratu dute, «urgentziazkoa» dela «defentsa antolatzea», baita «eraso oro salatu eta horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatzea ere», beti ere, «erasotua izan den emakumearen ongizatea bermatzea ardatz izanik».
Elkarretaratzea, ostiralean
Itaia Goierrik bat egin du Ordiziako Gazte Asanbladaren idatziarekin, eta gertatutakoaren aurka, elkarretaratzea deitu du, ostiralerako, Ordiziako Plaza Nagusian, 19:30ean.