Udalak gazteen iritzia jakin nahi du alokairurako laguntzak arautu aurretik
Ordiziako Udalak 18 eta 35 urte bitartekoentzat laguntzak bideratu nahi ditu, etxebizitza alokatzeko duten arazoengatik. Kontsulta publikoa martxan dago abenduaren 10a arte
Ordiziako Udalak 18 eta 35 urte bitartekoentzako etxebizitzak alokatzeko laguntzak emateko oinarriak finkatzen dituen ordenantza arautzailea egiteko prozesuan dago, eta herritarren iritzia jaso nahi duenez, kontsulta publikoa jarri du martxan.
Udalak webgunearen bidez publiko egin duen dokumentuan irakur daitekeen moduan, Ordiziako Udalarentzat, «printzipio estrategikoa da, Ordiziako herritarren ongizaterako duen garrantziagatik, gure gazteak emantzipatu ahal izatea eta gizarte honetan beren ibilbideari ekin ahal izatea».
Hala, ordenantza honekin konpondu nahi dituzten arazoak, berau onartzeko beharra eta egokitasuna, nahiz helburuak zein diren zehaztuko dira.
Udalak publiko egin dituen datuen arabera, alokairua bakarrik eskuratzen duen pertsona batek, batez beste, soldataren %50 baino gehiago bideratu beharko luke, eta etxebizitza partekatzen duten pertsonek, berriz, soldataren %20 inguru.
Herriko gazteen bidea errazte aldera, 2018-2019 urtean, gazte plana egiten hasi zen Ordiziako Udala. Bide horretan, parte hartze prozesu bat abiarazi zuen eta gazteek emantzipatzeko duten borondatearen eskari handia antzemateaz gain, bide horri ekitean sortzen zitzaizkien zailtasunak jarri zituzten mahai gainean; alokairuan etxebizitza oso gutxi daudela eta alokairuen prezioak oso altuak direla, batik bat. Horren irtenbide modura, alokairurako laguntzen aldeko apustua eta inbertsioa eskatu zioten udal erakundeari.
Ordenantza
Etorkizun hurbilera begira, onartu nahi duten ordenantzaren helburua da, gazteei emantzipazio-prozesuan eta helduen munduan sartzeko prozesuan laguntzea eta gazteen artean (30 urtekoak edo beherakoak) alokairu-erregimeneko etxebizitza bat lortzea sustatzea, eta emantzipazioaren bidez emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna bultzatzea. Hori guztia etxebizitza duina izateko eskubidea, eskubide unibertsal eta subjektibo gisa onartzetik abiatuta.
Ekarpenak nola egin
Ekarpenak, alegazioak edota iradokizunak egin nahi dituenak, datorren abenduaren 10era arte izango du horretarako aukera, eta idazkaritza@ordizia.eus postara bidali behar dira. Ordiziako Udaletik, 18 eta 35 urte bitartean dauden herritarrei egin die parte hartzeko dei berezia.