Ezkioko, Urretxuko eta Zumarragako ezkutuko altxorrak agerian jarriko dituzte asteburuan
Igartubeiti baserri museora bisita gidatua antolatu dute abenduaren 5erako, eta Urretxuko eta Zumarragako arkitektura zibilari buruzko hitzaldia abenduaren 8rako
Urola Garaiko Turismo Bulegoak jakinarazi duenez, Ezkutuko Altxorrak programak bi hitzordu proposatu ditu astebururako, bata Ezkion eta bestea Urretxun. Biak doakoak dira, baina aldez aurretik izena eman behar da 943 72 20 42 telefono zenbakira deituta.
Ezkion, Igartubeiti baserri museora bisita gidatua egiteko aukera izango da abenduaren 5ean, igandean, 12:30ean. XVI. mendeko baserri hori bisitatuz, euskal baserrien historia eta bizimodua ezagutu ahal izango da. Barrualdean, egurrezko egitura berezi batean biltzen diren dolarea eta gelak erakutsiko dituzte
Bestetik, abenduaren 8an, asteazkena, Urretxuko eta Zumarragako jauregien arkitektura ezagutzeko aukera izango da Ana Peña historialariak egingo duen hitzaldiarekin. Urretxuko Portaloian izango da, 11:30ean. Hitzaldian Urretxuko eta Zumarragako jaunen garaiko arkitekturan sortu ziren aldaketak azalduko ditu Peñak, hainbat eraikin aztertuz. Arkitektura zibileko eraikinak dira aztertuko dituenak, gaur egungo komunitatearen parte direnak.