Belarrimotzak hirukoteak irabazi du Legazpiko ipuin laburren lehiaketa
Gurutze Arruebarrena eta Iker eta Xabi Gonzalez ama-semeek 'Hizkuntza birusa' deituriko lana idatzi dute. 100 euroko erosketa bonua jaso dute saritzat.
Igandera arte indarrean dagoen Haurren aurrean helduok heldu kanpainaren barruan, ipuin labur-labur-laburren lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du Legazpiko talde eragileak, eta atzo eman zuten jakitera irabazlearen izena Azokan egindako ekitaldian.
Belarrimotzak izenaren babesean bildutako Gurutze Arruebarrena eta Iker eta Xabi Gonzalez ama-semeek irabazi dute lehiaketa, Hizkuntza birusa ipuinarekin. Saria Amaia Zaldua euskara zinegotziak eman zien, herrian gastatzeko 100 euroko erosketa bonoa, eta ondoren ipuina irakurri zuten hiruren artean.
Sari banaketa ekitaldian, bestalde, Jokin Matxinandiaren akordeoi doinuekin lagunduta, Ane Beloki bertsolariak idatzitako koplak abestu zituzten sei gaztetxok oholtzara igota.
Trikitilari gazteak bertso plazara
Gaur, bestalde, euskarak jarraituko du protagonista izaten Legazpin, eta Euskararen Eguna ospatzeko, Trikitilari gazteak bertso plazara ekitaldia egingo da 19:00etan Elizondo tabernaren aurreko plazan, edo Azokan eguraldi txarra egiten badu
Doinua Musika Eskolako trikitilari gazteek hartuko dute parte ekitaldian, Arkaitz Allur irakaslea gidari dutela. Bertsoak Ane Belokik eta Axier Iriondok jarriko dituzte.
Bertso Olariak taldeak, Doinua Musika Eskolaren eta Lekanazpi elkartearen laguntzarekin antolatutako ekitaldia da. Amaieran mokadutxoa izango da Lekanazpin.