Covid ziurtagiria derrigorrezkoa izango da bihartik gaueko aisialdi guneetara eta tabernetara sartzeko
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du «ziurtagiria erabili ahal den espazio guztietan erabiltzea» duela helburu Eusko Jaurlaritzak; besteak beste, ospitaletara edo zahar egoitzetan bisitan joateko, gimnasioetan edo kirol jarduera egiten den beste espazio itxietan, eta ostalaritzako beste esparru batzuetan.
Covid ziurtagiriaren erabilera «erabili ahal den espazio guztietara» hedatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Hala jakinarazi du Iñigo Urkullu lehendakariak gaur arratsaldean, alarma egoera berrezarri ondorengo Labi aholku batzordearen lehen bileran.
EAEko Auzitegi Nagusiari egin zion eskaeran jasotako lekuetan exijitzeaz gain, “espazio itxi guztietan eskatzeko” asmoa duela ere zehaztu du, batik bat, publikoa zutik badago. Baita gimnasioetan edo kirol jarduera egiten den beste espazio batzuetan ere, eta ostalaritzako beste esparru batzuetan. Ospitaletara edo zahar egoitzetara bisitan joateko ere exijitu nahi dutela adierazi du.
Agindua bihar argitaratuko da
Gaur sartu da indarrean osasun larrialdi egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aldizkari ofizialean ziurtagiria erabiltzeko agindua bihar argitaratzen den unetik, aurkezteko exijituko zaie herritarrei Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu zuen lekuetan: aisialdirako jarduerak eta dantzarako aukerak eskaintzen dituzten lekuetan, hala nola dantzalekuetan, musika ikuskizunak eskaintzen dituzten aretoetan, musika tabernetan eta karaokeetan. III. taldean sartutako pub eta taberna berezietan ere eskatu nahi dute ziurtagiria, 22:00etatik aurrera.
Jatetxeei ere eragingo die neurriak: 50 pertsonak baino gehiagok jateko lekua dutenetan eskatu beharko dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasukoa baino handiagoa den bitartean eutsi nahi diote neurriari. Establezimenduen jabeen ardura izango da bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea, eta paperean edo formatu digitalean aurkezteko aukera egongo da.
«Larrialdi egoera hau aurrekoengandik desberdina da, eta hartu beharreko neurriak ere desberdinak izango dira», esan du Urkulluk. Azaldu du txertoa eta oinarrizko prebentzio neurriak direla une honetan eraginkorrenak, baina beste neurri batzuk ere ezarriko dituztela, adituek hala aholkatzen badute.
Goizean azpimarratu du pandemia indarrean datorrela berriro, eta datozen egunetan (jaiegunak dira Hego Euskal Herrian), ospakizunik ez egiteko, ahalik eta gutxien bidaiatzeko edo seguru egiteko, ez pilatzeko eta une oro, barruan nahiz kanpoaldean, maskara erabiltzeko.
Labin ere aldaketak
Aldaketak ere izan dira gaur arratsaldeko Labiren bileran. Eusko Jaurlaritzak goizean jakinarazi duenez, Jonan Fernandez ez da batzorde horretan egongo, eta Gotzone Sagarduik hartu du haren lekukoa koordinatzaile lanetan. Aurreko Labin Fernandez izan zen batzordearen ordezkari nagusia, baina urrian, osasun larrialdia amaitzean, utzi egin zuen zeregin hori, eta Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendari lanetan jardun da harrezkero.
Sagarduirekin batera, ondorengo hauek osatzen dute Labi: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Josu Erkoreka lehendakariordeak, Olatz Garamendi (Gobernantza Publikoa eta Autogobernua), Iñaki Arriola (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garrioak), Jokin Bildarratz (Hezkuntza), Javier Hurtado (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoa) eta Bingen Zupiria (Kultura eta Hizkuntz Politika) sailburuek eta Jose Luis Quintasek (Osasun sailburuordea).
Osakidetza ordezkatuz, Maria Rosa Perez zuzendari nagusia izango da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere bai; Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano. Eta, haiekin batera, hiru hiriburuetako alkateak: Gorka Urtaran, Juan Mari Aburto eta Eneko Goia. Azkenik, Espainiako Gobernuko ordezkaria egongo da: Denis Itxaso.