«Aldarrikatzeko modu bat da Kirolari Gaittun, hemen gaudela esateko»
Maddi Garmendiak (Lazkao, 1996) Kirolari Gaittun podcasta sortu du, Ane Urkiri kazetariarekin batera. Emakume kirolariei eta kirol minorizatuei ikusgarritasuna eman nahi diete, euskaraz.
Nondik nora sortu da Kirolari Gaittun proiektua? Nola elkartu zara Ane Urkirirekin?
Euskadi Irratian praktikatan nenbilenean, Anek bertan kolaboratzen zuen kirolaren inguruko tertulia batean; ordubete astelehenetan. Asko gustatzen zitzaidan kirolaz nola hitz egiten zuen eta gainera kirolari emakumeak bilatzea zaila baldin badago, kirol kazetari emakumeak zailagoa da. Anerekin topo egin nuen eta aurkeztu egin nintzaion. Asteleheneroko ohitura izaten zen asteburua komentatzea. Espainian El Patio izeneko programa bat sortu zen, emakumeen kirola jarraitzen zuena. Eta behin aipatu nion: ondo egongo litzateke hemen, euskaraz, emakumezko kirolarien inguruko programa bat sortzea. Eta bera kopla horrekin geratu zen.
Asmoa noiz bilakatu zen egi?
Handik urtebetera, Madrildik itzuli nintzenean, ideia hura zertan zen galdetu zidan. Hitz egiteko geratu ginen irailean eta ikusi genuen materiala bageneukala, kontaktuak bagenituela, gaia kontrolatzen genuela.
Eta gogoa ere bazenutela.
Hori ere bai. Biok kirolen atalean lan egindakoak gara… Maila txikiagoan, baina emakume izateagatik injustiziak ere jaso genituen… Beraz, gogoa geneukan eta egin egin nahi genuen.
Maitane Urbietari egin zenieten lehenengo elkarrizketa.
Bai, ezagutzen genuen beste kirol kazetari batena jo genuen. Lehenengo programa, konfiantzazko norbaitekin egin nahi genuen eta bagenekien baiezkoa emango ziola horrelako proba pilotu bati. Izan ere, beldurra geneukan: proiektu bat ezagutzen ez denean, jendeari kosta egiten zaio parte hartzea. Beraz, ezagunekin hasi gara. Irene Caminos ere oso ezaguna dut…. Gero joango gara ezagutzen ez ditugunengana.
Teknologia berriei esker posible izan da zuen proiektuak aurrera egitea.
Noski. Merke egin nahi baduzu eta zuk nahi duzun programa egin nahi baduzu, ezin zara irrati batean hasi. Hor lotuta zaude: ordutegiak, denbora, gaiak… Spotify dohainik da eta aukera bat ematen zigun gure saioa zabaltzeko. Beraz, inbertsio handirik gabe, etxean daukagun materialarekin hasi gara. Hasiera batean ahotsa bakarrik eman genuen. Baina gero bideoa ematea ere erabaki genuen, Youtuben. Hobetzen joango gara.
Zein da funtzionamendua?
Bi astean behin, asteartetan audioa eta ostiraletan bideoa igotzen ditugu Spotifyera eta Youtubera. 40-50 minutu elkarrizketak dira eta denbora ematen du lasai gai askori buruz hitz egiteko.
Plato mugikorra daukazue.
Hedabide famatu bat baldin bada etorriko dira gonbidatuak, baina proiektua berria denean, fama handirik ez daukazunean… zenbatek esango dizue baietz? Askoz ere errazagoa da protagonista dagoen tokira joatea, berak nahi duen ordutegian. Gainera, sortzen den giroa ezberdina da, beraiek eroso sentitzen direlako.
Entzuleen aldetik, zer moduzko erantzuna izan duzue?
200 bat entzunaldi izan zituzten lehenengo bi elkarrizketek Spotifyan; Youtuben gehiago. Nabaritu dugu kirol munduan dabilen jendeak entzun gaituela. Askok jarraitzen gaituzte. Kirol emakumezko jarraitzaile fidelak ditugu. Beti jaso dugun feedbacka positiboa izan da. Aurreneko fasearekin gustura gaude.
Kirol minorizatuei ere lekua egiten diezue.
Gure helburua beste kirol batzuk ezagutzea eta ezagutaraztea da. Nola funtzionatzen duten ikasi, nola dauden, zein egoeratan… Emakumezkoen kirola orokorrean, nahiko ikusezina da. Futbola gero eta fama gehiago hartzen ari da. Izen batzuk ezagutzen ditugu, zein egoeratan dauden, albisteak ateratzen dira… Baina futboletik harago? Oso gutxi.
Punta-puntan dabiltzan euskal kirolari ugari daude.
Asko. Maialen Chorraut olinpiar jokoetan bakarrik jarraitzen dugu, baina olinpiar jokoetatik kanpo ere sekulako markak egiten ditu. Bera bezala, elkarrizketatu dugun Irene Caminos trial txirrindularia. Munduko hirugarrena izan zen, eta horrez gain, aurten Europako txapelketa irabazi du. Eta nork ezagutzen du? Miren Arrillaga pilotaria ere, Frontballeko Europako txapelduna da. Gauza asko lortzen dituzte euskal emakume kirolariek… Neska horiek ikustarazi nahi ditugu.
Beharra bazegoen, beraz, emakumeen kirolaz eta kirol minorizatuez hitz egiteko; eta gainera euskaraz.
Baietz iruditzen zaigu. Hiru arlo horiek uztartzen ditugu. Hala ere, gure podcasta ez da ohiko kirol saio bat, ez da kirol saio bat bezala, ez diogu emaitzagatik galdetzen. Bere esperientziagatik, emakume izateagatik bere kirolean zer eduki duen, zer ez duen eduki…. Gizarte aldeko galdera asko dira. Kirolzaleak ez direnek ere erantzuteko modukoa da.
Nor gustatuko litzaizuke elkarrizketatzea?
Irene Paredes, adibidez. Aurreko batean Eibar eta Barcelonaren arteko partida jokatu zen Eibarren, bertara joan nintzen Irene Paredesengana joan ahal izateko. Ezagutzen zuen Kirolari Gaittun. Eta bai, Gabonetan etortzen denean elkarrizketa egitekotan geratu ginen. Niretzat izugarria izan zen: niretzat futbolean beti erreferentea izan dena, euskaldun bat, kanpoan ibili dena… Euskaldunetan bakarra izan dela esango nuke… Ni futbolean ibiltzen nintzenean bera zen nire erreferente, eta prest egotea elkarrizketatzea, ikaragarria da.
Maialen Chorraut ere gustura elkarrizketatuko nuke, gainera orain hemen bizi da. Badaude beste batzuk ere elkarrizketatu nahi nituzkeenak baina euskaraz guztiz ondo moldatzen ez direnak. Konbentzitu beharrean gaude. Moldatzen dira baina zailtasunak izan ditzakete euskaldun berriak direlako edo… Teresa Herrandonea ere gustura elkarrizketatuko nuke. Eli Capa…
Printzipioz ez daukazue gazteleraz egiteko asmorik.
Ez, ez. Euskaraz dakiten kirol emakume asko daude eta mendi lasterketetara joanez gero, pentsa!
Badago elkarrizketa guztietan errepikatzen duzuen galderaren bat?
Bai. Beti-beti errepikatzen dugun galdera da, beraientzat zer esan nahi duen, kirolari gaittun.
Eta zuretzat zer da kirolari gaittun?
Aldarrikatzeko modu bat. Izen batek ezin du luzea izan, baina luzatu ahalko balitz, nik, Gu ere kirolari gaittun jarriko nuke. Hau da, gu ere hemen gaude. Guk ere emaitzak lortzen ditugu; gizonezkoen mailan, edo gehiago. Enteratu zaitezte.
Hitanoa erabili duzue saioaren izenarentzat.
Guri ez zitzaigun izenik bururatzen eta bat-batean, inguruko batek, Kirolari Gaittun proposatu zigun. Gustatzen zait esan nuen. Hika da, galtzen ari den hitz egiteko modu bat, gazteek ikasi ez duguna. Eta gainera, izenak berak esaten du emakumezkoen inguruan hitz egingo dugula. Asko gustatu zitzaigun eta horrekin egin genuen aurrera.