Bukatzear daude Santa Lutzi eta Alegia arteko bidegorriko lanak
Autobus geltokiko seinalea eta lurreko marka batzuk falta dira prest egoteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak 75.000 euroko diru laguntza emango dio Ezkio-Itsasoko Udalari proiekturako
Ormaiztegi eta Ezkio-Itsaso lotzen dituen errepide alboko Santa Lutzi eta Alegia arteko 200 metro inguruko bidegorri zatia amaitzear dago. Azkeneko lanak falta dira eta laster prest egongo da oinezkoentzako eta txirrindularientzako. Ezkio-Itsasoko Udalak kudeatu du proiektua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jasoko du. Probisa enpresak egin ditu lanak.
Duela hilabete inguru ekin zioten Santa Lutzi eta Alegia arteko bidegorri zatia egiteari. Autobus geltokiko seinalea jartzea eta lurreko marka batzuk margotzea falta da erabilgarri izateko. Gorka Sasieta Itsasoko batzordeburuak azaldu duenez, herritarrek eskatzen zuten proiektua izan da: «Errepide ertzean ibiltzen zen jendea paseoan edo bizikletarekin eta herritarren eskaera zuzena zegoen». Duela bost bat urte Ezkioko zatia egin zen, eta Itsaso aldekoa 2019ko azaroan asfaltatu zen.
Bi diru laguntza
129.172 euroko aurrekontua izan zuen hasiera batean Santa Lutzi-Alegi bidegorriko proiektuak, baina lizitazioan merketu egin zen eta azkenean 105.000 euroko kostua izango du. Lanak amaitzen dituztenean, segurtasun handiagorekin ibiltzeko aukera izango dute herritarrek errepide ondoan. Ezkio-Itsasoko Udalak egin du proiektuaren kudeaketa eta harena izan da eskumena.
Finantzazioari dagokionez, bi diru laguntza izango ditu udalak ondo bidean bidegorrirako. Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 75.000 euroko diru laguntza jasoko du. Hori dagoeneko onartuta dago. Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Klima Aldaketa deialdiko diru laguntza jasotzeko ere aurkeztu du proiektua udalak, baina oraindik ez dakite lortuko duten, ebaztear baitago.