Goierri Rallyesprinta etzi jokatuko da, ezohiko datan baina txapelketa ixteko
Gaintza gainean hasiko da ibilbidea, ohi baino laburragoa obra batzuengatik. Zaldibia zeharkatu, eta Lazkaomenditik Lazkao aldera amaituko da. Sailkapen nagusian lau hautagai jokoan
Lazkaoko Ikullu Racing automobilismo elkarteak antolatuta, larunbat arratsaldean jokatuko da VII. Goierri Rallyesprinta, modalitateko euskal egutegiko azkena. Koronabirusaren pandemiak iaz huts egitera behartu zuen, justu konfinamendua hasi bezperan, martxoan. Aurten, egoeraren bilakaera ikusita, denboraldiaren bukaerara aldatu dute data.
«Covidaren egoeraren ezjakintasunarekin, ez ginen ausartu martxoan egiten, eta abendura atzeratu genuen. Txapelketako azken lasterketa da, eta bertan erabakiko dira irabazleak», aurreratu du Ibai Agirrek.
Dataz gain, beste aldaketa batzuk ere izango ditu Goierri Rallyesprintak. Ibilbidearena, nabarmena. Luzeran moztu egin behar izan dute, Gaintzara igotzeko errepidea obratan dagoelako. Hala, 11,68 kilometroko ibilbidea izango du, besteetan baino ia bost kilometro gutxiago: Gaintza gainean, baina herrigunearen ondoren abiatuko dira, Oteñe aldera. Zaldibiara jaitsi, Lazkaomendi igo, eta Lazkaoko hilerriaren parean helmugan amaitzeko.
Lasterketaren norantza da beste aldaketa, Gaintza-Lazkao bidea osatuko baitute. Hiru pasaera edo erlojupeko izango ditu rallyesprintak. 13:00etan hasiko da lehiaketa, eta errepideak ordubete lehenago itxiko dituzte, 12:00etan.
Lehia, azken unera arte
Partaideen zerrenda ofiziala gaur argitaratuko du Euskal Automobilismo Federazioak. Baina izen batzuk aurreratu dituzte. Rallyesprinten euskal txapelketako aurreko lau postuak erabakitzeke daude, eta lehia bizia espero da, txapelaren bila.
Jokin Agirre dago sailkapenean lehena, Gurutz Agirretxe, Mattin Villares, eta Gorka Idigoras ondoren. «Ezer erabakitzeko dago. Agirrek 12 puntuko aldea badauka, baina besteak ere puri-purian daude. Lehenak ere matematikoki ez dauka ziurtatuta».
Bestetik, Asturiasko rally txapeldun Oscar Palacios (Ford Fiesta Rally2) Goierrin izango da, baita Iñigo Alustiza edota Iban Altuna (Skoda Fabia) amezketarra ere.
Partaidetza ziurtatuta dago: 46 auto irtengo dira. «Urtea doan bezala, kopuru polita da, eta oso-oso pozik gaude». Hamar partaide Ikullu Racing eskuderiakoak dira, zaletasunaren gorakadaren seinale. Auto zaharren Erregulartasun Sport sailkapena ere berreskuratu dute aurten. Auto klasikoen erakusketa egongo da, bestetik, Lazkaoko kalean.