Ia 400 lagunek erabiltzen dute udalaren Whatsapp zerbitzua
Urretxuko Udalak iazko irailean jarri zuen martxan zerbitzua, herritarrekiko komunikazioa hobetzeko
Iazko irailetik Urretxuko bizilagunak Whatsapp bidez jarri daitezke harremanetan udalarekin. Dagoeneko ia 400 urretxuarrek erabiltzen dute komunikazio sistema hau udalaren informazioa jasotzeko eta iradokizunak aurkezteko.
Udalaren zerbitzu honen helburua udalaren eta herritarren arteko komunikazioa erraztea eta hobetzea da. Whatsapp, webguneari, posta elektronikoari, telefonoari, Facebooki, Instagrami eta Twitterri gehitu zaie.
Funtzionamendua oso sinplea da. Interesdunek zerbitzuan alta eman behar dute. Horretarako, Alta hitza bidali behar dute 620 545 962 zenbakira, izen-abizenekin eta NAN zenbakiarekin batera. Berehala ongi etorri mezua jasoko dute eta une horretatik aurrera udalak informazioa bidaliko die eta udalari proposamenak igortzeko aukera edukiko dute.
Azaroan udalak inkesta bat egin zuen erabiltzaileen artean eta jasotako iradokizunak kontuan hartuko ditu. Herritarrak zerbitzu hau erabiltzera animatu ditu. «Bidaltzen dizkiguten abisuei esker (argi mozketak, konpondu beharrekoak…), arazoak lehenago konpondu ditzakegu. Eta urte guztian zehar iradokizunak jaso ditzakegu».