Luizi bat trenbidera erori eta trenak jo du, Gabiria parean
Lokatz eta harri jausi handia lerratu da mendi aldetik trenbidera. Ormaiztegitik Zumarragara zihoan aldirietako tren batek jo du, eta erdi iraulita geratu da, tunel baten sarreran. Ez da inor zauritu, eta onik atera dira 15 bidaiariak.
Renferen tren zerbitzua etenda geratu da, gaur arratsaldean, trenbidera lur jausi handi bat lerratu ondoren. Ormaiztegitik Zumarragarantz zihoan aldirietako tren batek karrilera eroritako lokatz eta harri piloa jo du, eta erdi iraulita geratu da. Eizmendi deritzon tunelaren sarreran izan da ezbeharra, Azkartza baserriaren alboan.
Trenean zihoazen 15 bidaiariak onik atera dira, eta ez da inor zauritu. Tunelaren aho-ahora jausi da lokatz mihia, mendi aldetik. Basoa botata dago eremu hartan. Zuzen une baten bukaeran dago tunela, eta trena ozta-ozta baina geratu ahal izan du makinistak. Lur piloaren kontra sartuta geratu da trenaren muturra, hala ere. Eskuinerantz alboratu da lehenengo bagoia –hiru ditu trenak–, eta lurjausiak zekarren materiala gehitu ahala gehiago okertu da. Azkenean, saihets aldera ia iraulian geratu da. Ordurako hutsik zegoen trena.
Zumarragatik beherantz, kontrako norantzan zetorren beste aldirietako tren batek tunelaren barruan geratzea lortu du, lurjausira iritsi baino metro batzuk lehenago. Arratsaldean, 17:30a aldera, hondeamakina bat igo da Ezkioko Santa Lutzi auzotik istripua izan den tokiraino, lurjausiaren hondakinak kentzen hasteko.
Istripuaren ondoren, Beasain eta Brinkola arteko zatia itxita geratu da, eta tren zerbitzurik ez dabil. Autobusez ari da bidaiariak garraiatzen Renfe.
Argazkiak: Aimar Maiz Morea
Erabiltzaileek sare sozialetan zabaldutako argazkiak: