Tolosara joan da saria
Ordizian burutu den Euskal Herriko 23. txistor lehiaketako sari nagusia Tolosako Miren Pagola harategiak irabazi du. Lehen bost sailkatuen artean dago Javier Vadillo legazpiarra
Tolosako Miren Pagola harategiak irabazi du Euskal Herriko 23. txistor lehiaketa, Ordizian. Iazko etenaren ondoren, atzo burutu zuten berriro ere, eta parte hartzea, zabala izan zen, 50 ekoizletik gora lehiatu baitziren. Epaimahaiak, guztiak dastatu ostean, puntuazio altuena tolosarrari eman zioten (59,50).
Aitor Balerdik jaso zuen irabazlearen saria eta kontatu zuen, horrelako lehiaketa batean parte hartzen zuen lehen aldia zela, beraz, «sorpresa handia» izan zela. «Oso pozik» jantzi zuen irabazlearen txapela, «urte osoko lanaren emaitza da hau, eta gustura nago!». Lehiaketara aurkeztu zuen txistorraren inguruan kontatu zuenez, «lehen mailako produktuekin egina da, Berrobiko Lesmesen txerri haztegiko txerriak erabiltzen ditugu gure produktua egiteko, eta horrez gain, baratxuri freskoa eta Nafarroako piper hautsa». Lehen mailako lehengaiak, bai, baina horrez gain, eta ez garrantzia gutxiagokoa, «horiek, mimoz tratatzea prozesu osoan, ez dago beste sekreturik!».
Tolosarrarekin batera, Precocinados Gesalagak (Zarautz, 57 puntu) eta Juan Jose Etxezarretak (Donostia, 55 puntu) osatu zuten podiuma. Laugarren eta bosgarren postua, hurrenez hurren, Javier Vadillo (Legazpi, 54,50 puntu) eta Carnicas Irigibelentzat izan ziren (Huarte, 54 puntu).
Juan Manuel Garmendia
Lehiaketako irabazleei sari banatu aurretik, 2020ko maiatzean zendu zen eta hainbat urtetan Ordiziako lehiaketa honetan, eta beste batzuetan ere epaimahaikide lanetan aritu zen Beasaingo Kattalin Erretegiko eta Jakitea elkarteko kide zen Juan Manuel Garmendiaren alargunari, Arantxa Agirrezabalari, oroigarri bat eman zioten Ordiziako Udalaren izenean.













