«Herriari hitza emateko garaia da, edo, beharbada, herritarrok hitza hartzekoa»
Erabakitzeko eskubidea «lege bilakatzearen» alde, Arantzazuko Adierazpena zabaldu du Gure Esku dinamikak. «Gehiengo sozial zabal bat ordezka dezaketen» ehun lagunen atxikimendua bildu dute
Berria.eus- Euskal herritarrek beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea aitortzeko eta gauzatzeko bidean, Gure Esku-k Arantzazuko santutegira (Gipuzkoa) eraman zuen atzo bere aldarrikapena, esparru askotariko ehun pertsona esanguratsu elkartuta, adierazteko «burujabetzarako bidean jauzi bat» egitea herritarren esku dagoela: «Esku guztiak norabide berean jartzeko unea da; eragile, erakunde eta herritarrok elkarrekin egin behar dugu bidea, denok baitugu tokia bide honetan, eta norberak bakarrik bete baitezake berea».
Ehun izenpetzaileen artean daude, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Nekane Balluerka eta Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohiak, Garbiñe Biurrun epailea, Ugo Mayor zientzialaria, Olatz Salvador abeslaria, Isabel Elizalde Nafarroako kontseilari ohia, Naiara Goia Arantzazuko Gizarte Berrikuntzako Laborategiko zuzendaria, Aitziber Garmendia aktorea eta Unai Pascual IPBES erakundeko ikerlaria.
«Euskal Herriko gehiengo sozial zabal bat ordezka dezaketen pertsonengana» jo dute, haien bidez «herritarren borondatea edo herri gogoa ikusarazteko asmoz». Hala azaldu zuen Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak, eta gaineratu erabakitzeko eskubidea «lege bilakatzeko gizarteko alor guztietatik bultza» egin behar dela: «Eskubideak ekinez lortzen dira».
Santutegiko Gandiaga topagunean, dinamikak Arantzazuko Adierazpena aurkeztu zuen, eta Pilar Kaltzada eta Andoni Aizpuru kazetariek irakurri zuten manifestua. Horretan, sinatzaileek «etorkizuna erabakitzeko prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra» adierazi dute: «Gure etorkizuna aldarrikatzen dugu. Gaur Arantzazun bildu garen herritarrok, norberak bere alorretik, gure alea jartzeko konpromisoa erakutsi nahi dugu, eta, era berean, erronka honi eusteko dei egin nahi diogu gizarte osoari».
Hortaz, deiak hiru bidetan luzatu zituzten; herritarrei, eragileei eta erakundeei: «Eragileei dei egiten diegu norabide honetan inplikatu daitezen; erakundeei, herritarron borondatea aintzat hartuz, erabakitzeko eskubidea instituzionalizatu eta lege bilakatzeko konpromisoa har dezaten». Azkenik, herritarrei dei egin diete «herri gogoa errealitate bilakatzeko lan» egin dezaten: «Izan gaitezen berriz ere jostun eta artisau, zubigile eta katebegi. Joka dezagun burujabe, inplikatuz eta konprometituz».
Erreferenduma jomugan
Gure Esku-k, beste eragile batzuekin batera, Hamaika Gara plataforma osatu zuen iazko martxoan, eta martxan du sinadura bilketa bat, euskal herritarrek beren estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzearen alde. Urtearekin batera amaituko da bilketa hori, baina kontsultaren aldeko aldarrikapena jaso dute Arantzazuko adierazpenean ere, argudiatuta euskal herritarrek beren erakunde politikoak, estatus politikoa, autogobernu maila eta lurraldeen arteko harremanak «zuzenean, mugarik gabe eta libre» erabakitzeko eskubidea dutela: «Munduko nazio guztiek bezala, gure etorkizuna autodeterminatzeko eskubidea dugu. Honenbestez, erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura, besteak beste erreferendumak».
Era berean, gogora ekarri dute Telesforo Monzon laborategiak eginiko Naziometroak azaleratutako datu bat; herritarren bi herenek babesten dutela etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea: «Herri bat gara, eta, herri gisa, gure etorkizun politikoa gure esku nahi dugu. Gehiengo zabal bat osatzen dugu, hamar euskal herritarretik zazpi gara, baina hamarretik hamarrentzako proposamena da gurea, erabakitzeak egiten gaituelako nor, eta elkarrekin erabakitzeak herri». Ildo horretan, nabarmendu dute herritar gehienek ez dutela «indarrean dagoen marko juridiko-politikoa berresteko edo aldatzeko aukerarik» izan: «Guk ez dugu aukeratu hiru eremu administratibotan eta bi estatutan banatuta bizitzea. Ezin dugu onartu halako erabakiak beste inoren eskuetan egotea; guk geuk hartu behar ditugu, gure esku behar ditugu».
«Gertuko burujabetza»
Nazioarteko testuinguruari ere erreparatu diote adierazpenean. Izan ere, nabarmendu dute «erronka globalek mundu mailako neurriak» eskatzen dituztela: «Baina sinetsita gaude tokian tokiko erantzunen eskutik etorri behar dutela. Gertuko burujabetzatik, herri kohesioa bermatzen duen burujabetzatik jarduteko garaia da».
Alabaina, egungo «krisien eta ziurgabetasunaren» aurrean emandako erantzunez gogoetatu dute agirian: «Batzuek jarrera autoritarioetan topatzen dute ziurtasuna, ustezko etsaiak baztertuz bilatzen dute babesa». Manifestuaren babesleek, ordea, adierazi dute ez dutela norabide hori hartu nahi: «Inork gure izenean agintzeak baino, gure bizitzen jabe izateak ematen digu guri ziurtasuna». Hori horrela, gaineratu dute burujabe izatea egungo eraldaketa eta erronkei eustea dela: «Gertatzen zaigunaren gaineko erantzukizuna beste inoren eskuetan ez uztea: inplikatzea, konprometitzea eta erabakitzea. Gure herriak behin eta berriz egin du».