Indarkeria matxistaren aurkako Goierriko sormen lehiaketako sari nagusiak lazkaotarrek irabazi dituzte
Azaroaren 25aren harira bailarako sei herritan egin den lehiaketako sariak gaur banatu dituzte, Lazkaon. Indarkeria estetikoa izan du ardatz bigarren lehiaketak.
Indarkeria matxistaren aurkako sormen lehiaketaren sariak gaur goizean banatu dituzte, Lazkaoko udaletxean. Lazkaok, Beasainek, Ordiziak, Seguran, Legorretak eta Zaldibiak antolatu eta bultzatu dute bigarren urtez lehiaketa, Azaroaren 25aren inguruan.
Hiru sari nagusietatik lehenengo biak Lazkaoko San Benito ikastolako ikasle-talde banak irabazi dituzte. Hori horrela, Lazkaon antolatu dute banaketa ekitaldia, baina pandemiaren egoeragatik, beste herrietako sarituak ez dira bertaratu. Kepa Zubiarrain alkateak eman dizkiete sariak.
Lehengo saria Lazkaoko LH5 mailako haurrek irabazi dute, Emakumeenganako indarkeria estetikoak lanarekin. Bigarrena ere bertan geratu da, DBH4ko neska talde batek ondutako Bertsoa lanarengatik saritua. Hirugarren saria Beasaingoek lortu dute, Itxuraren errespetua beti lanarekin.
Horiez gain, lau aipamen berezi ere izendatu dituzte: Lazkaoko LH3 mailakoen Gorputz eta izaera bakarrekoak gu lanaren egileek bertan hartu dute, eta Ordiziako, Beasaingo eta Legorretako talde banarentzat izan dira gainerako aipamenak.