AEK-k 2022ko Korrika antolatzeko laguntza eskatu die herritarrei
Hiru hilabete falta dira Korrika hasteko. Herrietako batzordeetan parte hartzeko deia egin du AEK-k. Beasaingo herri dendan materiala salgai dute.
Korrika martxoaren 31n abiatuko da Amurriotik (Araba) eta Goierrira apirilaren 8an helduko da. Antolaketa lanak ja hasi behar dira, baina. Eskualdeko herrietako batzordeak urtarrilean hasiko dira elkartzen, eta antolatzaileek hauetan parte hartzeko deia egin dute. Herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko dituzte. «Jakin badakigu denok ez ditugula aukera berberak gure ekarpenak egiteko, eta horregatik, hain zuzen ere, konpromisorik gabe etor zaitezen» eskatu du Aitor Aguado Garmendiak, Goierriko Korrikako koordinatzaileak.
Sostengu ekonomikoa ere eskaini daiteke. Korrika laguntzailearen figura sortu dute aurten, hamabi euroren truke. Zuzeneko ekarpen ekonomikoak ere egin daitezke.
Arropa, salgai
Korrikako arropak salgai daude Beasaingo Herri dendan, Kale Nagusiko 12. zenbakian. Urtarrilaren 7ra arte ordutegi berezia izango du, gainera. Astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:30era egongo da zabalik. Gabonetatik bueltan ohiko ordutegia berreskuratuko du: ostiraletan 17:00etatik 19:30era eta larunbatetan 10:30etik 13:00etara.
Lekukoa Goierrira Urretxutik eta Zumarragatik sartuko da, 17:30ak aldera. Arratsaldean eskualdea zeharkatu ondoren, Legorretatik Tolosaldeara joango da N1 errepide zaharretik.