Beasaingo herrigunean ibilgailuen abiadura kontrolatzen dabiltza
Herriko puntu desberdinetan radar mugikorra jartzen dute . Abiadura mugak zenbat errespetatzen diren neurtu nahi du udalak . Gehienezko abiadura 30 kilometrokoa da herrigunean
Beasaingo puntu ezberdinetan radar mugikor batekin abiadura kontrolatzen dabiltza. Udalak abiadura mugak zenbat errespetatzen diren neurtu nahi du eta azeleragailua behar baino gehiago zapaltzeko joerari aurre egin. Isunak jarriko dituzte legea «nabarmen» hausten den kasuetan.
Beasaingo Udalak gogorarazi du maiatzetik herri barruko gehienezko abiadura 30 kilometro ordukoa dela. 20 kilometro ordukoa, galtzadako eta espaloiko plataforma bakarreko bideetan. Neurriarekin pertsonak lehenesten direla, segurtasuna handitzen dela eta hiri-bideetako ezbehar tasa murrizten dela azpimarratu dute. Abiadura mugak errespetatuta airearen kalitatea ere hobetu egiten da, zenbat eta abiadura txikiagoa izan isuriak gutxiago baitira.
«Udal gobernuaren hautua, udalerri eroso, atsegin, iraunkorrago eta irisgarriagoa eraikitzearen alde egitea da eta langintza horren barne aurkitzen da, nola ez, hiri barruan abiadura muga errespetatzen dela bermatzea», diote udaletik. «Beasaingo Mugikortasun Planak jasotzen dituen helburuak betetzeko beste pauso bat suposatu zuen abiadura muga honen inplementazioak udalerrian».
Udalak oinezkoekin duen konpromisoa azpimarratu du. Beasain zeharkatzen duen ardatz nagusia oinezkoentzako lehentasunezko ibilbide bihurtu dutela gogorarazi dute: Jose Migel Iturriotz, Kale Nagusia, Nafarroa etorbidea eta azkena Erauskin plaza.