Gabonetan ere Ordizian
'Piztu Gabonak' kanpaina martxan da, Gabonetara begira, herriko establezimenduen aldeko hautua egitera animatzeko mezuarekin. 3.000 euro zozkatuko dira bezeroen artean
Gabonetan herrian kontsumitzeko mezuarekin dator Piztu Gabonak izeneko kanpaina. Ordiziako Udalak, Ordizian Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu-enpresen Elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin elkarlanean abiatu dute.
Ostiralean aurkeztu zuten, kanpainaren ardatza zein den azaldu zuen Maitane Alvarez alkateordeak, eta hori sustatzeko, erosketak herrian egiten dituztenek lortu ditzaketen sariez ere xehetasun guztiak eman zituen.
«Urte osoan zabaltzen dugun mezua da Bizi Ordizian eta erosi Ordizian», gogoratu zuen Alvarezek,«eta, orain, Gabonetan, erosketak egiterako orduan ere herrian ditugun establezimenduetara jotzeko deia egiten dugu», borobildu zuen. Horretarako arrazoi nahikoa daudela nabarmendu zuen: «Ordiziak eskaintza zabala du dudarik gabe, eta bertako saltoki txikietan erosiz produktu bat baino gehiago eskuratzen dugu: gertutasuna, konfiantza, kalitatea, ongizatea, eta herria bizia izatea, besteak beste».
Erosleentzat sariak
Ekimen honen bidez, kanpainan parte hartzera batu diren establezimenduetan trukatzeko edo gastatzeko bonuak zozkatuko dira, bezeroen artean. Sari potoloena, 500 euroko kupoi bat izango da. Baina badira, 100 euroko beste 10 kupoi, 50 euroko 20, eta 10 euroko 50. Guztira, 3.000 euro.
Kanpainan zehar, ekimenean parte hartzen ari diren establezimenduetan kontsumitzen dutenek, urtarrilaren 10ean egingo duten kupoien zozketan parte hartzeko txartel bat eskuratuko dute. Kanpainan parte hartzen duten establezimenduek #piztugabonakordizian traola duen identifikazio-kartel bat izango dute.
Irabazle suertatzen direnek saria jasotzeko, Ordizian elkartearen bulegora joan beharko dute txartelarekin. Saria jasotzeko azken eguna 2022ko urtarrilaren 31 izango da.
Zalantzak argitzeko eta informazio gehiagorako, sartu Ordizian elkartearen webgunean (www.ordizian.eus), 943 88 73 40 telefono zenbakira deituta edo nahiago izanez gero, Ordizian elkartearen egoitzara bertara joanda (Santa Maria-Andre Maria kalea 21).