«Irakasle bezala jubilatuta, inoiz baino gehiago naiz abeslari»
La Palmako biztanleei Euskal Herriko elkartasuna helarazteko proiektuan murgilduta dabil musikari legazpiarra. Igandeko kontzertuan parte hartu zuen, eta aita ere eszenatokira gonbidatu zuen.
Zertara etorri zara Legazpira?
Et Incarnatus Orkestrako Mikel Zeberio zuzendariaren deia jaso nuen duela bi hilabete. La Palmara joan nahi zuten jotzera , eta laguntza eskatu zidan, ni Tenerifen bizi naizelako. Hala, La Palmako kultur eragile bati gure proposamena helarazi nien eta ondo iruditu zitzaien. Horrelakoak behar dituztela esan zuten, eta aurrera egin genuen. Aldi berean, Euskal Herrian elkartasun kontzertua egitea pentsatu genuen, bata Tafallan, eta bestea Legazpin, nire herrian, noski.
Beste artista batzuen partaidetza lortu duzue.
Bai. Tapia eta Leturiarena, adibidez. Lagunak dira. Azkenean, lagunen artean antolatu dugu kontzertua, lagunentzako.
Orain La Palmara zoazte.
Et Incarnatusekoak hilaren 26an aterako dira hemendik hegazkinez, eta ni Tenerifetik itsasontziz joango naiz haien bila La Palmara. Lau kontzertu egingo ditugu han. Hilaren 28an eta 29an Tijarafen eta Barloventon. Eta hilaren 31n Fuencalienten joko dugu. Azken, Urte Berriko kontzertua, urtarrilaren 1ean egingo dugu, Breña Altan.
Zein inpresio jaso duzu Legazpiko kontzertuarekin?
Pandemiak baldintzatutako testuinguruan egin da kontzertua, eta egoera normalean etorriko litzatekeen jende asko ez dela etorri. Baina elkartasun helburuak irabazi duela esan daiteke. Pozik nago.
Eta musikalki?
Zoragarria izan da, Et Incarnatus taldeko musikariek pasioz jotzen dute, modernitate eta freskotasun irizpideak jarraituz, eta orkestrako arregloak egin dituen musikariaren kontzeptua oso alaia da. Orkestra honekin jotzea niretzat loteria tokatzea bezala izan da. Elkarlan honekin etorkizunerako ate asko ireki ditugu.
Zure aitak ere parte hartu du.
Bai, une hunkigarria izan da nirekin abestu duenean.Rogelio aitak 95 urte ditu, eta oso ondo abesten duela erakutsi du.
Esan behar dut Rogelio Botanz aitak La Voz Senior lehiaketan parte hartuko duela. Espainia osoko 20.000 abeslariren artean aukeratu dituzten 40 lehiakideetako bat da. Laster ikusiko dugu telebistan.
Zeuri berak transmititu al dizu musikarekiko zaletasuna?
Aitak beti nahi izan du abeslari izan, baina argi izan du baita ere Olaztin jaiotako langilea izanda, Patrizio Etxeberriaren lantegiko segategian lan eginda eta sei seme-alaben aita izanda, ezin izango zuela. Hala ere, beti abestu du, eta orain oso pozik dago, une zoragarriak ari da bizitzen, eta guretzat oso polita da.
Amaz ere gogoratu zara.
Nola ez! Txikia nintzenean gitarra erosi zidan, etxeko soldatari kenduta, eta makina bat lan eginda etxean apopiloekin. Ama Natik oso argi zeukan Kontxita Biterirengana joan behar nuela solfeo ikastera, eta gero Kontserbatorioan egin nituen azterketak. Amak etxeko lema eramaten zuen. Egia esan behar da, ez zuen ondo abesten, baina artearekiko eta musikarekiko sentsibilitate handia zuen. Hari esker gaude hemen.
Nola hasi zinen kantuan?
Aspaldi! 15-16 urte nituela Jose Ignazio Aranbururekin bikotea osatu nuen, eta hainbat abesti konposatu eta errepertorio polita osatu genuen. Zumarragan aurkeztekoak ginen, baina emanaldiaren bezperan bertan behera utzi zuten. Nire poesia abestia ere 20 urte nituela konposatu nuen. Aurretik, 10 urtekin, atera nintzen eszenatokira Eslesa aretoan egiten ziren jaialdietako batean, Don Jose apaizak bultzatuta. Nik ordurako banekien hura egin nahi nuela, abestu.
Eta lortu zenuen.
Magisteritza ikasten ari nintzela, etorkizunerako zein plan genuen galdetu ziguten, eta nik kantautore izan nahi nuela, baina maixu titulua ere aterako nuela erantzun nuen. Maixu izanda nire bizitza osoan abestuko dut, esan nuen, nahi dudan beste eta nahi dudan arte, baina kantautore izanda… Erabakiarekin asmatu nuen. Irakasle eta abeslari izan naiz batera, eta orain inoiz baino gehiago abeslari, irakasle bezala jubilatu naizelako. Irakasten jarraitzen dut, hala ere, txistu gomerarra.
Pedro Guerrarekin eta Andres Molinarekin osatu zenuen Taller Canario de Cancion eszentokietara itzuli da.
Bai, jendeak oraindik behar duelako 38 urte egiten genuena. 2018an elkartu ginen Kanaria Handiko Kabildoak deituta, eta Teror hirian kontzertu bat eman genuen, baina Pedrorik gabe. Nire alaba Icok gurekin parte hartu eta dantzatu zuen, Garaldea abestian kanariar dantza eta aurreskua fusionatuz.
Baduzu beste alaba bat, Julia.
Bai, abeslaria da, ni bezala, eta Legazpin hasi zen abesten! Taller desegin zenean Puntos Suspensivos bandarekin hasi nintzen eta Julia taldekidea zen, perkusioaz arduratzen zen. Orain bakarka dabil, Ida Susal izenarekin. Ni harro eta pozik nago, bere bidea egin duelako.
Zuk ere Legazpin askotan jo duzu.
Bai, makina bat kontzertutan parte hartu dut, ikastolaren alde, Agifesen alde, presoen alde, Alaitasuna errondailarekin, orain La Palmaren alde…
Baina Rogelio bakarrik ez da inoiz izan jotzen.
Kukue eta Karibe Zaharra tabernetan jo izan dut, baina bestela, bakarka ez, egia da.