Umeei zuzendu dizkiete Gabon oporretako ikuskizunak Zaldibian
Zaldibiako haurrentzat kultura ekitaldiz hornitutako egitaraua prestatu dute, Eguberrietako opor garairako. Lehengo astean hasi zen, eta ipuin kontalariaren saioak entzuteko aukera izan zuten, astean zehar, kultur etxean.
Olentzeroren eta Maridomingiren bisita eskolan bertan hartuko dute, gaur goizean. Grabatu eta zabaldu egingo dute. Behin jai egunak igarota, ikuskizun sorta bat izango dute, datorren astean. Irakas-zikloka bereizi dituzte. Hala, asteartean, abenduak 28, Haur Hezkuntzakoek Erbia eta dortoka ikusi ahalko dute (11:00etan, Herri Antzokian), eta Lehen Hezkuntzakoek Oihan Vegaren Ipuin dantza (17:00etan, Restin).
Asteazkenean, abenduak 29, HHko haurrentzat Rosa Martinezek Hala bazan ikuskizuna egingo du (11:00etan, Herri Antzokian). Urte berriko lehen astelehenean, urtarrilak 3, Haira taldearen Alpistegia bertso antzerkia izango da LHkoentzat (11:30, antzokian). Azkenik, urtarrilaren 5ean puzgarriak jarriko dituzte Resti pilotalekuan Zaldibiako umeentzat. HHkoen ordutegia 10:30-11:30 eta 16:00-17:00 bitarteetan da, eta LH eta DBHkoena 11:30-13:30 eta 17:00-19:00 artean.
Izena eman behar da
Ikuskizunetan pertsona-kopurua mugatuta egongo da, eta izena eman beharko da zenbait emanalditara joan ahal izateko. Karreane kultur etxean, edo zaldibia.eus webgunean ekitaldi bakoitzaren sarreran eman liteke izena. Gaur da horretarako azkeneko eguna.
Gabon egunean, etzi, kantua eta musika izango dira Zaldibiako kalean haurren aldetik ere, COVIDaren egoerak ahalbidetzen duen heinean.













