Itaia mugimenduak indarkeria matxista salatzeko ekitaldia egingo du gaur arratsaldean Legazpin
Artea eta musika izango dira ekitaldiaren ardatzak. Herriko hainbat artisten lanak jarriko dituzte ikusgai, eta Hekate eta ikusMira taldeen kontzertua izango da.
Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak antolatuta, ekitaldi bat burutuko da gaur arratsaldean Legazpiko Azokan indarkeria matxista salatzeko. Ekitaldia 17:00ak eta 21:30a bitartean gauzatuko da, eta artea eta musika izango ditu oinarri.
Amaitzen ari den urteak utzi dituen indarkeria matxistaren biktimak gogoratu nahi dituzte Itaia mugimenduko emakumeek, “dagokien zentzu politikoa” emanez. Azokako ekitaldian, Legazpiko hainbat margolarik egindako lanak egongo dira ikusgai, “indarkeria matxista arte espresioen bitartez ikusteko” eta indarkeria horren ondorioz eraildako “emakume langileak gogora ekartzeko”. Erakusketarekin batera musika ere izango da, Hekate eta IkusMira taldeen aldetik.