Urtezahar eta Urteberri egunez mendira joko dute goierritarrek
Asko dira urte zaharra agurtu edo berriari ongietorria ematera mendi tontorretara igotzeko ohitura dutenak. Txindoki, Aizkorri, Undamendi edota Oamendira joateko deialdiak eginda daude.
Batzuk modu antolatuan, beste batzuk euren kasa, baina asko eta asko izango dira aurten ere gailurren bat zapalduko dutenak Urtezahar nahiz Urteberri egunean. Aizkorri eta Ñanarri (Txindoki) izango dira bisitatuenak, baita Izazpi, Irimo eta Beloki ere. COVID-19 koronabirusaren bilakaerak, ordea, Urretxun eta Zumarragan tradiziozkoak diren zenbait juntadizo pintxo eta salda, tartean bertan behera uztea eragin du. Goierri elkarteko mendi sailak eta Ostadarrek ez dute halakorik antolatu. Hori bai, giro bikaina dago iragarrita bi egun horietarako, eta jendeak joko du mendi aldera.
Hainbat deialdi
Beasaingo Aizkorri mendi elkartekoak, esaterako, Txindokira igoko dira bihar, 08:00etan abiatuta. Seguran bi deialdi dituzte eginak biharko. Animosoenak Aizkorri aldera abiatuko dira 08:00etan, eta beste talde batek Unamendi aldera egingo du 09:00etan. ZerainLabek deituta, Oamendira igoko dira hainbat zeraindar bihar. Urtezaharretan edo Urteberritan, tontorrak jendez beteko dira aurten ere.