Zazpitik bik eutsi diote oraingoz
Ordizian eta Zegaman egingo dituzte soilik San Silbestreak. Beasainen, Legorretan, Lazkaon eta Urretxu-Zumarragan bertan behera utzi dituzte. Legazpin, iragarri ere ez
Beasaingo Beti-Bizi elkartea izan zen lehena iragartzen astelehen gauen, biharamunean Legorretko Udala, eta atzo goizean Lazkaoko Udala eta arratsaldean Plazaola Urola Triatloi kluba. Agerikoak diren arrazoiak medio, lau herri horietako San Silbestre probak ez dira jokatuko bihar. Legazpin 2018an hasi ziren lasterketa antolatzen, bi urtez egin dute eta aurtengoa iragarri ere ez dute egin. Ordizia eta Zegama dira, oraingoz, probei eusten dieten udalerri bakarrak.
Egin izan balira, Beasaingoak 47. edizioa izango zukeen, Legorretakoak 29.a, Lazkaokoak 9.a eta Urretxu-Zumarragako lasterketa mistoak 8.a. Arduraz hartutako erabakiak izan direla nabarmendu dute antolatzaileek, baina baita penaz ere, giro bereziko kirol probak baitira .
Ordizian 44. edizioa dute
Goiz Aterpe elkarteak eta Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta, Ordiziako 44. San Silbestre-Txato Caballero Memoriala jokatuko da. Proba guztien artean beranduen jokatzen dena da, 18:30ean hasten baita helduena. 6.325 metroko luzera du, zirkuitu bati hiru bira emanda. Proba herrikoirako izena emateko epea gaur gauean bukatuko da (www.kronoak.com). Egunean bertan ezingo da izenik eman. Dortsalak frontoi txikian jaso ahal izango dira gaur (10:00-12:00 eta 18:00-20:00) eta bihar artean (11:00-14:00). Lasterketaren hasieran eta amaieran musukoa jantzita eraman behar da.
Aurrez umeen probak jokatzen dira, mailaka berezita: 17:30ean benjamin mutilak (372 m, bira 1); 17:35ean benjamin neskak (372 m, bira 1); 17:40ean alebin mutilak (1.116 m, 3 bira); 17:45ean alebin neskak (744m, 2 bira); 17:50ean infantil mutilak (1.488m, 4 bira); eta 18:00etan infantil neskak (1.116 m, 3 bira).
Maratoirako hiru dortsal
Elkartu Nahi kirol elkarteak antolatuta, bederatzigarren urtez jokatuko da Zegamako San Silbreste proba. 5.250 metroko ibilbidea du, eta 17:30ean hasten da. Izena www.rockthesport.com webgunearen bidez eman daiteke aurrez 10 euro; egunean bertan 15 euro kostako da. 350 lagun apunta litezke gehienez.
Lehen hiru sailkatuek diru-saria eta garaikurra jasoko dute, Zegama-Aizkorri mendi maratoirako hiru dortsal zozkatuko dituzte kanpotik etortzen diren lasterkarien artean. Egun berean adierazi beharko dute dortsala norentzat izango den. Horrez gain, 100 euro sari berezia egongo probaren marka ontzen duenarentzat gizonezkoetan 16:31 eta emakumezkoetan 18:48a. Aurrez, 17:00etan, umeentzako lasterketa izango da