Datuen igoerarekin batera jarri dira indarrean Covidari aurre egiteko neurri berriak
Marka berria jarri du Goierrik, hiru egunean 952 kasu batuta. Eusko Jaurlaritzak edukiera eta ordutegiak mugatu ditu berriz ostalaritzan. Berrogeialdia zazpi egunekoa izango da gaurtik.
Covid datuen urteko azken adierazleak goranzko joera erakutsi du, beste behin ere. Hiru eguneko epea 952 kasu berri atzeman dituzte Goierrin, aurreko asteko epe berean jasotakoen bikoitza (436 izan ziren) baino gehiago. Egunotan, anbulatorioen atarietan jende ilada luzeak ikusi ahal izan dira, PCR probak egiteko.
Datuen igoerari aurre egiteko hainbat neurri hartu dituzte erakundeek, azkenak, aste honetan bertan Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hartuta- koak izan dira. Jaurlaritzak goizaldeko ordubatera mugatu du ostalaritzako ordutegia, eta aforoak %60ra mugatu ditu, bai ostalaritzan eta baita komertzioetan ere. Gainera, tabernetan debekatuta egongo da zutik kontsumitzea, eta mahai bakoitzean gehienez 10 lagun eseri ahal izango dira, bai barruan bai terrazetan. Ekitaldi kultural nahiz kirol eta gizarte arlokoei ere eragingo diete neurriek: gehienez 600 lagun bildu ahal izango dira barrualdean eta 800 kanpoan. Neurri horiek, urtarrilaren 28ra arteko iraupena izango dute.
Konfinamendua murriztea
Azken asteetan Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriei, zeresan handia ematen ari den beste bat gehitu dio orain Espainiako Gobernuak. Positiboak diren baina sintomarik erakusten ez dutenen berrogeialdia, 10 egunetik 7 egunera murrizteko erabakia hartu dute. Beste horrenbeste gertatuko da positibo eman duen pertsona batekin kontaktu estua izan eta txertatuta dauden pertsonekin ere. Gainera, koarentena bukatutzat emateko ez da PCR probarik egin beharko. Espainiako Gobernuak eta Erkidegoek aho batez adostutako neurria da, eta atzotik dago indarrean. Omikron aldaerak aurrekoek baino «inkubazio epe laburragoa» duela esanez arrazoitu dute erabakia.