«Egindakoarekin harro sentitzea da garrantzitsuena»
Hamabi denboraldiz txirrindulari profesionala izan da Gari Bravo Oiarbide (Lazkao, 1989). Euskaltel-Euskadin osatu ditu azken bi sasoiak. Gogotsu dago etapa berrirako.
Zer moduz ari zara moldatzen bizimodu berrira?
Orain, ondo. Bizitza guztia berdina egiten igaro dut, profesionaletan hamabi urtez, baina, aurretik ere, gazte-gaztetatik aritu naiz txirrindularitzan. Eta, bat-batean, hori uztea hunkigarria eta arraroa da. Bizipenak eta sentipenak gainera etorri zitzaizkidan, eta hasieran, gaizki pasa nuen. Gehienbat taldean jarraitzeko aukerarik ez nuelako erabaki nuen uztea. Ez nuen beste talde batean, baldintza ez hain onetan, jarraitu nahi.
Halere, kirol mundutik ez zara asko aldendu.
Kirola egiten jarraitzen dut eta beti jarraituko dut. Kirol gehienak ditut gustuko. Gainera, duela bi urte kirolaren inguruko goi-mailako ziklo bat hasi nuen. Online egiteko aukera izan nuen, bestela, txirrindularitza utzi arte ez dut uste ikasten hasiko nintzenik. Praktikak egin ostean, oraintxe amaitu dut zikloa, arlo horretan lan egin nahiko nuke.
Hirugarren mailako txirrindularitza zuzendari kurtsoa egiten ere ari naiz. Horrelakoak edukitzea ondo etorriko zait, prestatuta egon behar da. Bestetik, gaztetan, elektrizitatearen inguruko erdi-mailako ziklo bat egin nuen.
2021eko denboraldia zer moduz joan da?
Orokorrean ez da txarra izan, baina itzalita ibili naiz, batez ere, lasterketetan. Entrenatzen inoiz baino hobeto aritu naiz eta inoiz baino gehiago gozatu dut. Datuak ere onak izan dira, baina lasterketan ez naiz fin ibili. Horregatik ez dit kontratua berritu taldeak. Halere, eskertuta nago hamabi urte hauetan egindakoarekin eta azken bietan Euskaltelen jasotako tratuarekin. Ondo iruditzen zait aukera beste batzuei ematea.
Lasterketetan entrenamenduetako datuak islatzen ez direnean, entrenatzeko gogorik izaten al da?
Egia esan, urte guztia ondo entrenatzen aritu naiz, beti gogotsu eta egunerokoan ondo murgilduta. Arazoa lasterketetan egon da, nik uste zerbait psikologikoa izan dela.
Horrelakoetan, ingurukoen babesa edukitzea funtsezkoa da, ezta?
Bai, eta bereziki eskerrak eman nahi dizkiot Maite [Arraiza] nire neskalagunari, beti ondoan egoteagatik. Baita Carlos Jimenez eta Patxi Vila prestatzaileei ere, azkeneko urtea onena izan ez den arren, uneoro gainean egon direlako. Gainera, orain beraiekin aritu naiz praktikak egiten.
Profesionaletan ohorezko postu asko lortu izan dituzu, baina besoak altxatzerik ez. Arantza horrekin geratu al zara?
Ez, egia esan, ez. Gustatuko litzaidake estreinatzea edo garaipen batekin uztea, baina pozik geratu naiz. Ez dut irabazi, eta hori da publikoari geratzen zaiona, baina ohorezko postu onak ditut: Aragoin, etapa baten bigarren eta beste batean hirugarren egin nuen; Portugalen, gazte onenaren saria irabazi nuen; Etorkizunekoen Tourrean mendiko saria… Egindakoarekin harro sentitzea da garrantzitsuena.
Gainera, toki eta pertsona asko ezagutuko zenituen txirrindularitzari esker.
Abentura asko bizi ere bai. Lagunak, herriak, kultura berriak ezagutu… Horrekin geratzen naiz. Orain arteko gauzarik politena izan da niretzat.
Ordiziako Klasikoan edo Euskal Herriko Itzulian, esaterako, emaitza onak lortu izan dituzu. Bereziak al dira etxe inguruko lasterketak?
Dudarik gabe. Egia da, lasterketa guztietan dena eman behar dela, baina lasterketa guztiak ez dira berdinak. Murtzian edo Almerian jende gutxi egoten da. Euskal Herriko Itzulia, Ordiziako Klasikoa edo Donostiakoa, ordea, oso bereziak dira. Hemen duguna toki gutxitan dago, Italian edo Tourrean, agian, beste inon ez dago horrelako afiziorik.
Baduzu gogoan duzun anekdotaren bat?
Anekdota gisa, Euskal Herriko Itzulia Lazkaotik igaro zenekoa. Etapan ihes eginda pasa nintzen eta ikastolako ume guztiak kalean zeuden ni animatzen. Horrelako momentuak ikaragarriak dira.
Momentu txarrak ere bizi izango zenituen…
Bai. Esaterako, Itzulian mendiko lider nindoala, bi egunen faltan, lidertza galdu nuenean edo pelotoitik atzera geratzen lehena nintzela ikustean. Espainiako Vueltan gertatu zitzaidan hori. Aurreneko egunean gaixo jarri eta hiru kilo galdu nituen. Lehen egunetik Madrilera arte ezinean ibili nintzen, etapa guztietan pelotoitik gelditzen lehena ni nintzen.
Halere, orain arte bizitzak eman didan kolperik handiena, 2011n izan zen, osaba galdu nuenean. Portugalgo Itzulian gazteen saria irabazi nuen eta osaba bertan egon zen etapa guztiak ikusten. Handik etxera bueltan zihoala, istripu bat izan eta utzi egin gintuen.
Txirrindularitza profesionala utzi duzu, baina lasterketetan jarraitzen duzu. Zer moduz moldatu zara ziklo-krosean?
Inoiz baino gehiago disfrutatzen ari naiz. Obligaziorik gabe joaten naiz, lasterketara joan eta asteburuko planak egitea gustatzen zait. Lehiatzen jarraitzeko gogoa neukan, baina, orain, ondo pasatzeko helburuarekin egiten dut. Korrika ere hasi naiz eta lasterketa batzuetan parte hartzeko asmoa dut. Izan ere, gorputza proban jartzea gustatzen zait, nola entrenatu eta zertan hobetu ikusteko.