Gabonetako parkeak, umeentzako bestelako aisialdi aukera bat
Haurrek Eguberrietan izan ohi dituzte hamabost eguneko oporrak erdibidera iritsi dira dagoeneko. Guraso eta heldu gehienenak ez ordea, eta asko eta asko izango dira astelehenean lantokira itzuli beharko dutenak. Hori hala, eta umeek gozatu bat hartzeko, Gabonetako haur parkeak jarriko dituzte datozen egunetan Goierriko hainbat herritan.
Ordizian klasiko bat da Urteberritako astean jarri ohi duten haur parkea. Igandetik asteartera bitartean, hiru egunez, puzgarriak egongo dira Beti-Alai pilotalekuan. Goizez (11:30-13:30) eta arratsaldez (17:00-20:00) egongo dira zabalik. Aforoa kontrolatu egingo dute.
Beasainen astelehenean jarri dituzte puzgarriak Gernika pasealekuko frontoian (11:00-14:00 eta 16:00-19:30), eta Ormaiztegin astelehenean eta asteartean (10:00-13:00 eta 16:00-19:00). Zubipe kiroldegian egongo dira.
Zaldibian, asteazkenean
Zaldibian Errege bezpera egunez izango dira puzgarriak Resti frontoian, bi txandatan: Haur Hezkuntzakoek (10:30-11:30 eta 16:00-17:00), eta LH eta DBHkoak (11:30-13:30 eta 17:00-19:00).