Nagusi Optikaren erakusleihoa ederrenetan ederrena izendatu dute
Betaurreko gorridun Mari Domingi eta Olentzero irudikatu dituzte. 2022an erakusleihoa apaintzeko doako zerbitzua izango du. Xalo arropa denda eta Argi optika ere saritu zituzten
Nagusi Optikaren erakuslehioak irabazi du Bareakek eta Beasaingo Udalak antolatutako lehiaketa. Mari Domingi eta Olentzero era minimalistan irudikatu dituzte, baina dendarekin lotura estua duen osagarri deigarri bat gehitu diete: betaurreko gorriak. Beasaindarrek begi onez ikusi dute aldaketa, herritarrak izan baitira epaileak. Urte osorako erakusleihoa apaintzeko doako zerbitzua irabazi dute sari modura, garaikurraz gain. Lau erakusleiho egingo dituzte, urte sasoi bakoitzean bat.
Argi opatikak irabazi zuen bigarren saria. Okulistek erakuslehioak diseinatzeko begia dutela argia dago. Xalo arropa dendari eman zioten hirugarren saria.
Atzo egin zuten sari banaketa, udaletxeko areto nagusian. Elena Ruiz zinegotzia eta Leire Artola alkatea izan ziren zeremonialariak. Artolak merkatariei haiengandik «gertu» egongo dela esan zien. «Udala saiatu da babesa eskaintzen, eta egoera luzatzen bada udal gobernu honek konpromisoa hartzen du zuen ondoan egotekoa». Merkatariek herriko ekonomian duten pisua «oso garrantzitsua» dela azaldu zuen alkateak.
Erakusleiho onenaren aldeko botoa eman zuten bezeroen artean erosketa-txekeak zozketatu zituzten. Julio Arraizak irabazi zuen 200 euroko sari potoloa eta Irune Lekuonak eta Ainhoa Blancok ehun euroko bi txekeak.