Sagardotegiak ateak zabaltzeko prest
Goierriko sagardotegiek denboraldi berriaren irekiera ofiziala egin dute gaur Altzagako Olagi sagardotegian. Urtarrilaren 28ra arte neurri bereziak hartuta lan egingo dute
Sagardotegien denboraldia hasi da, eta ohikoa den moduan, denboraldiari ofizialki hasiera emango diote Goierriko sagardogileek. Gaur egingo dute ekitaldia, Altzagako Olagi sagardotegian. Bertan izango dira Niko Osinalde Goiturreko arduraduna, ongi etorria eta sarrera emango duena; ondoren, Jose Antonio Olano Olagi sagardotegiko arduradunak, aurtengo uzta eta sagardoaren berri emango du, eta azkenik, bertako sagardoa dastatu ahal izango da Nerea Garmendia aktore eta aurkezle beasaindarrak irekiera ofiziala egin ondoren.
Goitur Goierriko Turismoaren laguntzarekin, zortzigarren urtez jarraian emango diote Goierriko sagardogileek ongi etorria denboraldi berriari. Niko Osinaldek, bisitariak Goierrira gonbidatu nahi izan ditu, «Goierri ezagutzeko aukera bikaina dutelako; bertako sagardotegietan, turismo esperientzia gastronomiko bikainaz gozatzeko aukera izango dute, zalantzarik gabe!». COVID-19 testuinguruan izanda ere, segurtasun neurri guztiak bermatuta daudela nabarmendu du Osinaldek; «Goierriko sagardotegiak toki seguruak dira!».
Nola izango da?
Euskal sagardogileen elkartetik nabarmendu dute «ez ohiko egoera bati aurre egiteko erronka eta konpromisoa hartu duela sektoreak, lanerako protokolo zehatzak garatu eta sagardo berria eta sagardotegiko esperientzia bezeroei modu erakargarri batean dastatzera emateko.
Izan ere, koronabirusak txotx denboraldiari eragingo dio, bigarrenez. Iazkoa, neurri murriztaile gogorragoekin egin zen; mugikortasunean ere muga handiak zeuden, besteak beste.
Aurten, neurri murriztaileekin hasiko da denboraldia, baita ere. Hala, urtarrilaren 28ra bitartean, Eusko Jaurlaritzaren Dekretuak irauten duen bitartean, sagardogileek mahaira eramango dute sagardo berria, pitxer edo botila gardenetan eta bakoitza bere txarteltxo edota azalpenarekin. Txartel bakoitzean egongo da kupelaren zenbakia, bezeroak aldioro jakin dezan zein sagardo ari den dastatzen. Txarteltxo horrek QR kodea ere izango du, sagardoaren informazio gehiago jaso ahal izateko.
Otorduan zehar, pitxarra betetzera ere altxa daiteke mahai bakoitzeko arduraduna, eta sagardogilearen laguntzarekin beteko du taldeak dastatu nahi duen edo sagardogileak gomendatzen duen kupeleko sagardoa.
Protokolo hau garatu zen lehen unetik dekretu eta arautegi berrien arabera egokituz joan dira, baina beti oinarri bera errespetatuta: Sagardoa dastatzean eta sagardotegiko esperientzian segurtasuna bermatzea. Iaz bezala, denboraldi hasiera honetan, uzta berria mahaian dastatuko da.
Sagardotegiak espazio zabalak dira, eta aukera handia ematen dute distantziak errespetatu eta sagardotegiko esperientziaz modu erosoan gozatzeko.
Prezioak gora
Bestalde, «egoerak behartuta, sagardoak %10-%20 arteko igoera» izango du, batez beste. «Sagarra, beira, kartoia, argindarra… guztiak egin du gora eta sagardoak ere gora egingo du ezinbestean, gaur egungo egoerara moldatzen joateko», adierazi dute Sagardogileen elkartetik.
Sagar uzta handia eta kalitate handikoa izaki, sagardoa ere «ona»
Goierrin bost dolare sagardotegi daude martxan une honetan. Altzagan Olagi, Zerainen Oiharte, Ordizian, Tximista, Legorretan Aulia eta Ataunen Urbitarte. Bost sagardotegietako arduradunak
zentzu berean mintzatu dira. Sagar uzta «oso oparoa» izan dela nabarmendu dute; sagarra oso sanoa eta usaina batez ere intentsoa, usain oso onekoa izan da.
Sagar uzta horrelakoa izanda «ilusioz» daude, lanerako «aukera handiak» zabaldu dizkielako; «kalitate handikoa», «gorputz handikoa», «txispaduna», gozogarratza, kontsumitzailearen oso gustukoa dena»… Orokorrean «oso gustura» daude Goierriko sagardogileak, kontsumitzaileari aurkezteko duten produktuagatik.
Aukera handia baita ere, gehientsuenek sagardo eskaintza desberdinak egingo dituztelako aurtengoan ere. Barietate desberdinetako sagarrak erabiliz egin dute sagardoa, norberak bere puntua bilatuz, norberak bere pertsonalitatea eskaini nahian, eta hala, Goierrin bertan, sagardo barietate eskaintza zabal eta interesgarria dastatzeko aukera zabalduz.
Egoera hobetzeko esperoan Produktu bikaina izango duten denboraldi berri honen irekieraren atarian, ilusioz hartu nahi dute, nahiz eta COVID-19 testuinguruan izanik, ez dauden guztiz lasai. Orokorrean, nabarmendu dute, «iazkoa oso gogorra» izan zela, aurtengoa ere «antzera» doala, eta espero dutela, «COVID-19aren datuek hobera egitea, urtarrilaren 28tik aurrera, «askatasun handiagoz ibili ahal izateko». Izan ere, pandemiaren azken olatuak, eragin zuzen-zuzena izan duela sagardotegietako martxan. Aspalditik eginak zeuden erreserba asko bertan behera geratu direla adierazi dute.
Gauzak horrela, momentu honetan duten desioa da, egoerak «hobera» egitea, urtarrilaren 28tik aurrera neurri murriztaileak bertan behera gera daitezen. Dena den, segurtasun neurri guztiak bermatuko direla ziurtatu dute: «Sagardotegiak toki seguruak dira baina hala izaten jarraitzeko, lanean jarraitzen dugu».